Hondarribiako Udaleko garbitzaileek akordioa lortu dute eta bertan behera utzi dute greba

2022/12/19
Langileen aldarrikapenak jasotzen dituen akordioa sinatuta bukatu egin da zazpi hilabeteko greba Gipuzkoako udalerrian. Erresistentzia kutxa ezinbesteko tresna izan da borroka mantendu ahal izateko.

Zenbait hobekuntza lortu dituzte azpikontratatutako langileek akordioaren bitartez: soldata arrakala ezabatzea; 2022tik 2026ra erosahalmena galduko ez dutenaren bermea; enpresak hitzarmena aplikatu beharko duela bermatzen duen klausula; eta norberak nahi duenerako bi jai egun.

Aurreakordioa abenduaren 16an sinatu zuten Lan Delegaritzan, baina gaurko sinadurarekin behin betikotu egin dute.

Zazpi hilabeteko greba egin behar izan du plantillak baldintzak hobetzeko, eta lortu dute azkenean. ELAk gogorarazi nahi izan du, hala ere, grebak iraun bitartean Udalak entzungor egin diela langileen eskaerei. “Enpresari dibidenduak baino ez zitzaizkion axola eta negoziazioa luzatzen saiatu da bere interesen mesedetan, baina borrokari esker akordio ona lortu dugu”.