Hondarribiko lorezaintzako langileek % 20ko soldata igoera lortu dute 115 eguneko grebaren ostean

Elai Serbitzuak Hondarribiko lorezaintza-zerbitzuaz arduratzen den enpresako langileek akordioa lortu dute 115 eguneko grebari amaiera emateko. Azpikontratako langileen eta udal-langileen baldintzak parekatu dira, eta horrek % 20ko batez besteko soldata-igoera eta urteko 108 orduko lanaldi-murrizketa ekarriko ditu.
Enpresa negoziazio mahaitik desagertuta egon da, martxoaren 20ko proposamen eskasari eutsi dio eta jarrera horrekin greba luzatu besterik ez du egin.
Gatazka maiatzaren 28a baino lehen hasi zen orduko udaleko talde politikoarekin, eta plantillaren eskakizunei entzungor egin zien. Aldiz, maiatzaren 29an Udal Gobernuan sartu zen taldeak guztiz bestelako jarrera izan du. Nolanahi ere, grebak eta protestek aurrera jarraitu dute, eta abuztuan zehar akordioaren egituraketa osatzen joan da.
Langileek oso positibotzat jotzen dute akordio hori, orain hitzarmen batean garatu beharko baita, eta hurrengo esleipenarekin batera jarriko baita indarrean. Gainera, plantillako 8 pertsonek lortu dute enpresak bidegabeki ostutako dirua berreskuratzea, konpentsazio- eta xurgapen-klausula deuseztatzea eta irailetik aurrera sortutako atzerapenen dirua jasotzea.
ELAren ustez, argi geratu da langileen borroka eta borondate politikoa uztartzen direnean Administrazioaren azpikontratek baldintza duinak lor ditzaketela.