Osasunbidea
Kolektibo guztientzat benetako hobekuntzak eskatzeko greba

Gaur, ELA, SAE eta CCOO sindikatuek deitutako greba eguna egiten ari da. Bertan, Osasunbideko kolektibo guztientzako benetako hobekuntzak aldarrikatzen dira, hala nola, karrera profesionala ezartzea, behin behinekotasuna murriztea, erosahalmena berreskuratzea, plantilla dimentsionatzea eta Lehen Mailako Arreta indartzea.
Elkarretaratzeak egin dira Osasunbideko langile askoren presentziarekin Iruñeko Ospitale Gunean eta Lizarrako eta Tuterako ospitaleetan. Azpimarratu behar da grebaren jarraipena gutxieneko zerbitzuek eta LABek martxoaren 23ko greba bertan behera uztearen eragin desmobilizatzaileak baldintzatu dutela.
Zoritxarrez, legealdi honetan, medikuek bakarrik hobetu dituzte lan baldintzak. Navarra Sumaren, PSNren, Geroa Bairen, EH Bilduren eta Podemosen aldeko botoekin onartu berri diren legeek 400 euroko igoera ekarri diete medikuei hilero, gainerako langileen aldarrikapenak alde batera utzita. Lege horiek onartzearekin batera, LAB, UGT eta Osasunbideak edukirik gabeko akordioa sinatu zuten, eta argi utzi zuten LABek eta UGTk ez zutela autonomiarik EH Bildurekiko eta PSNrekiko.
Azkenik, ELAk Osasunbidearen jarrera arduragabea kritikatzen du, Greba Batzordearekin bildu ere ez delako egin, eta Osasunbideko langile guztientzat benetako hobekuntzak lortu arte mobilizazioei eusteko konpromisoa agertu du.