Hurrengo Lan Erreformak bertoko negoziazio kolektiborako eskubidea bermatu behar du

2019/01/28
Hurrengo Lan Erreformak bertoko negoziazio kolektiborako eskubidea bermatu behar du
ELAk negoziazio kolektiboaren egungo egoeraren berri eman die komunikabideei, baita Madrilen negoziatzen ari den balizko lan erreformaren gakoak azaldu ere. Medioekin egindako gosari informatiboan, Pello Igeregi negoziazio kolektiboko arduradunak azpimarratu du "hurrengo Lan Erreformak bertoko negoziazio kolektiborako eskubidea bermatu behar duela". Gogorarazi du eztabaida azkartzen ari direla Madrilen, eta ziurrenik, epe laburrean itxi nahi duela Sanchezen gobernuak.

Lehenik eta behin, Amaia Aierbe zerbitzu juridikoetako arduradunak eta Haimar Kortabarria kabinete juridikoko abokatuak 1994ko lan erreformatik gaur arte gertatutakoaren kontakizun historikoa egin dute; 2010ean Zapatero presidente zela eta 2011 eta 2012an PPren gobernuarekin egindako lan erreformen ondorio larriak nabarmendu dituzte.

Ondoren Pello Igeregi negoziazio kolektiboko arduradunak aztertu egin du gure negoziazioa, praktikan, zertan den; ez dago segurtasunik arlo juridikoan, eta honek langile-klasearengan eragina du. Igeregik, bestalde, egoera politikoaz hitz egin du. ELA Madrilen, Kongresuko talde parlamentarioekin egiten ari den lana azaldu du. Lanak bi ardatz nagusi ditu: batetik, negoziazio kolektiboaren estatalizazioa; eta bestetik, Pedro Sanchezen gobernuak berak iragarri duen asmoa, alegia, 2012ko lan erreformaren punturik kaltegarrienak indargabetzea.

“Lan erreforma ororen oinarria izan behar da negoziazio kolektiboaren egiturak hobestea lan baldintzak hobetzeko aukera, eta gehiengo sindikal eta patronalak osa daitezkeen eremuetan lan-hitzarmenek goragoko eremuetan ezarritako baldintzak hobetzeko modua. Horregatik, helburua argia da: gure hitzarmenak berton negoziatu behar dira. Blindajea lortu behar dugu gure lan baldintzak hemen negozia daitezen. Ez dugu honen kontrako akordiorik onartuko”, baieztatu du Igeregik.

Igeregik baieztatu du horretarako bildu dela, hain zuzen ere, sindikatua Madrilen alderdi politikoekin, baita Magdalena Valerio Lan ministroarekin ere. “1994an, Langileen Estatutua lehenengoz erreformatu zenean, estatuko eragile sozialek zeukaten ordezkaritza monopolioa finkatzeko aukera ikusi zuten. Haatik, PSOEk gehiengo absolutua galdu zuenez, euskal alderdien botoa behar zuen edozein aldaketa egiteko. 1994an ELAk oso ongi iritzi zion EAJk Madrilen egin zuen lanari, hemengo negoziazio kolektiboari lehentasuna aitortu zitzaiolako Estatuan negoziatzen denaren gainetik. Duela 24 urte egingarria izan bazen, orain ere hala izan beharko luke; izan ere, bizi dugun egoera oso antzekoa da: PSOEk erreforma aurrera aterako badu 171 boto behar ditu, hots, zentsura mozioa bozkatu eta Sanchez boterera eraman zuten indar guztien babesa”.

Irakurri txostena