Huyck Wangner (Perot) itxi nahi dute Zizurkillen, 75 lagun kalean utzita
Urriko asteko astelehenean, urtarrilak 21, enpresako kontseilariak eta hauen abokatuak Donostian bilera batera deitu zen lan batzordea, hartu behar zituzten neurrien berri emateko.
Egoeraren azalpen labur batzuk eman eta gero, haien abokatuek esan zietan hartutako erabakia: Zizurkileko lantokian dauden 81 langileetatik 75 kaleratuak izango zirela. Honek, argi eta garbi, lantegiaren itxiera suposatzen du.
Emandako arrazoiak, nagusiki, bi izan ziren: batetik, papergintzaren sektoreak eta multinazionalak jasaten ari diren krisia, eta bestetik Zizurkilgo lantegian dagoen makinaria zaharkituta dagoela, eta hau berritzeko gehiegizko inbertsioa egin beharko litzatekeela (19 eta 24 milioi euro artekoa, haien esanetan). Hori zela eta, hemen egiten den lana beste herrialde batzuetako lantegietara eraman nahi zutela esan ziguten: batez ere Italiara, baina baita ere Alemania eta Austriara.
Lehenengo momentutik, haiek ezarritako aurrekariak ez dituztela onartzen, eta errealitatearen zati garrantzitsuenak aipatu ez izana leporatu zieten. Izan ere, egun hartan esan ez zietena zera da:
+ Zizurkilgo lantegiak, krisia krisi, urtero benefizioak ematen dituela. Besteak beste, 2012. urtea oso urte ona izan da, diru asko irabazi dutelarik hemengo lantokiaren kontura.
+ Produktibitate ratioak ikusita ere, enpresa taldeko lantegirik hoberena dela, hau da, langile bakoitzeko produkzio gehien egiten duena.
+ Hemen erabiltzen diren makinen aldaketa aspaldi aurreikusia zegoen. Makinaria dagoeneko amortizatuta dago eta urtez urte, lantegiak emandako benefizioez gain, diru kopuru bat makinaria berritzeko gordetzen joan dira urte guzti hauetan.
+ Hemengo langileen soldatak ere ez dira arazo, hau inoiz ez da arazoa, nahiz eta beti aitzakiatzat erabili. Honen aurrean esan behar da produkzioa eraman nahi duten herrialdeetako lan-sariak askoz handiagoak direla.
Beraz, inongo zalantzarik gabe, eta dauzkagun datuen arabera, ondorio argi bat atera dezakegu:
Lantegi hau hustutzeko erabakia soilik estrategikoa izan da. Aurrera eraman nahi duten lekukotze edo berrantolaketa hau, oraindik diru gehiago irabazteko asmoz hartutako erabakia da, eta ez dute kontutan hartu nahi, 75 langile, 75 familia, kalean utzi nahi dituztela, lantegiak dirua ematen duen bitartean, produkzio maila hoberena duen bitartean eta orain egin beharreko inbertsioa aspaldi aurreikusita zegoen bitartean.
Hau lotsagarria da, onartezina! Enpresako jabeak, jakin badakite hartutako erabakia guztiz ulertezina eta mingarria dela, eta horren adibide, azken egunetan hartu dituzten neurriak eta jarrera ditugu:
+ Bilera egunaren aurreko astean, produkzio guztia enpresatik atera eta biltegi batzuetara eraman zuten.
+ Enpresako sarreran, bilera egunetik, segurtasun pribatua jarri dute.
+ Gaurtik hasita, gainera, enpresara sartzea debekatu digute. Hori izan da, gaur prentsaurrekoa hemen egitearen arrazoia.
+ Enpresarekin harremana duen guztia esternalizatu egin dute: Donostian zituzten abokatuen ordez Madrilgo abokatuak hartu dituzte, jarritako segurtasun pribatuko enpresa eta langileak kanpokoak dira, eta orain arte Zizurkilen egondako zuzendaritza ere kaleratua izan da. Hau da, bakarrik utzi nahi gaituzte, bitartekaririk gabe.
Arazo larri hau ez da soilik kalean utziko dituzten langileena, beste jende askori zuzenean eragiten baitio eskualde honetan. Horregatik, arazoa eta konponbide beharra gizarteratu egingo dute. Honetarako:
1. Gaurtik hasita, greba mugagabea hasiko dute, eta honekin batera etorriko diren hainbat eta hainbat ekintza burutuko dituzte.
2. Bide judiziala ere hasiko dute, hartutako erabakia guztiz neurrigabea delako.
3. Instituzioen inplikazioa bilatuko dute, arazo honi irtenbidea emateko modu asko daudelako, eta arazo honetan zer esanik badutelako.
4. Enpresarekin negoziaketak egiten jarraituko dute, hartutako erabaki ulergaitza alda arazteko asmoz.
Borroka honen lehen helburua: lantegia irekita mantentzea, lanpostuen defentsa da.
"Aurrean dugun munstroa geldiarazteko gizarteko eragile guztien babesa eta elkartasuna beharko dugu, bakoitzak bere esparruan eta bere ahalmenaren araberakoak. Egoera zaila dago, baina bukaera ez dago idatzita, eta argi daukagu ez dugula etsiko azken aukera agortu arte, guztion mesedetan izango den bukaera, edo hobeto esanda, hasiera berri bat idatzi arte".