HZ legez kanpo uztea salbuespen-estatu baten erabakia da (Prentsa komunikatua)

2004/05/28

ELAren ustez, Herritarren Zerrenda legez kanpo uzteko erabakia berretsi izanak adierazten du Espainian izan den gobernu aldaketak ez duela beharrezkoa zen erregenerazio demokratikorik ekarri. Demokraziak garai txarrak bizi ditu, eta itun antiterroristaren itzalak hartzen du dena; itun horren mamia, indar espainol nagusien adostasuna, Euskal Herriari eragiten dioten auzietan edozerk balio duela. Amnesty Internationalen urteroko txostenak horixe islatzen du; hain zuzen, estatu espainolari buruzko atalean Euskal Herrian adierazpen- eta bilera-askatasunaren aurkako mehatxuen berri jasotzen du polizi-egoitzetan egindako torturei buruzko salaketa larriak azpimarratzen ditu, eta atxilotuen inkomunikazioa hamahiru egunetaraino luzatzeko aukera ematen duen lege-erreforma salatzen du.

Horrek guztiak zuzenbide-estatu batekin inolako zerikusirik ez dauka. Hautagai-zerrenda hori bultza duten ia 50.000 lagunak, zerrenda osatzen dutenak eta botoa eurei emateko eskubidea ebasten zaien herritarrak "teoriaz" eskubide zibil eta politiko guztien jabe dira. Alabaina, izatez, eskubide horiek ukatu egiten zaizkie. Ez, esaten duten moduan, zuzenbide-estatuaren ondorioz, eta bai ordea salbuespen-estatuagatik.

Izan ere, itun antiterroristaren funtsa PP eta PSOEren arteko adostasuna da: estatuak dituen bitarteko guztiak erabiliko ditu ETAren eta bere ingurukoen aurka (etsai zehazgabea, zeinetan azkenean estatuak bortizkeriarekin inongo loturarik ez duten pertsona eta proiektuak sartzen dituen), eta magma horren aurka egiten den guztia (torturak, itxierak, legez kanpo uzteak, espetxeratzeak&) ongi eginda egongo dela, inork ez dietelarik kargu hartuko. Itun antiterrorista izatezko salbuespen-estatu bat da, eta horren baitan botereak unean-unean hartutako erabakien arabera pertsona eta kolektiboak eskubiderik gabe uzten ditu.

Erabaki antidemokratiko honen aurkako protesta eta eskubideak ebatsi zaizkien herritarrekiko elkartasuna adierazteko, ELAko Batzorde Eragilearen ordezkari talde bat Bilbon larunbat arratsalderako deitu den manifestazioan izango da.