SU TXIKIEN ITSASOA

Ia berrogeita hamar eragilek trantsizio ekosozialerako ardatzak nola sustatu eztabaidatu dute

2023/10/02
Ekimenean ELAk parte hartu du, eta elkarrekin sustatu beharreko lehen erronka komun bezala, azaroaren 30erako deituta dagoen Greba Feminista Orokorrarekin bat egin dute

Su Txikien Itsasoa topaketa ospatu da irailaren 30ean Ozaetan (Araba), GaraiON Sorgingunean. Ia berrogei eta hamar gizarte mugimendu eta eragile sozial eta sindikal ezberdinetako 120 kide inguru elkartu dira trantsizio ekosozialaz, zoru komun eta adostasunez, eta elkarrekin egin nahi denez aritzeko. Izan ere, bizi dugun sistema bidegabea eta bideraezina da, eta horren aurrean planetaren eta pertsona guztion bizitzak erdigunean jarriko dituen eredu bateranzko trantsizioa, edo hobe esanda eraldaketa sustatzea beharrezko ikusten dute elkarturikoek.

Eremu ezberdinetan dabiltzaten gizarte mugimenduak elkartu dira Ozaetan, su txiki-handi ezberdinetan dabiltzatenak. Eraldaketa hori sustatzeko gizarte aktibazioa ezinbestekoa da, bestela elite politiko-ekonomikoek gidaturiko trantsizioz mozorroturiko aurreranzko ihesak itoko gaitu. Horregatik, ekimenaren helburua gizarte mugimendu ezberdinok dituzten esperientziak eta ikuspuntuak konpartitu, eta komunean dutena eta egin dezaketenaz eztabaidatzea izan da, gizartearen aktibazio hori elkarrekin eta elkarlanean eragiteko eta eraldaketa sozialaren aldeko itsaso bat bultzatzeko.

Goizeko eztabaidan trantsizio ekosozialerako funtsezko ardatzak jorratu dira. Hala, elkarrekin sustatu nahi den trantsizioaren funtsezko ardatz bezala kokatu dira zazpi hauek: planeta bizigarria guztiontzat, planetaren muga biofisikoak aintzat hartuz eta justizia klimatikoa oinarri; kapitalaren gainetik, bizitzak eta hauen zaintza erdigunean jarriko dituen eredua, ekonomia desmerkantilizatu, despatriarkalizatu eta dekolonializatuz; lanak – guztiak - duindu eta birbanatzea eta ondasunak birbanatzea; burujabetzen alde egitea, eremu estrategikoetan erabakiak hartu eta gauzatzeko gaitasuna eskuratzeko, iraunkortasunagatik, kontrol demokratikoagatik edota erantzukizun kolektiboagatik; diskriminaziorik gabeko gizarte baten alde, pertsona guzientzat eskubide guztiak bermatu daitezen; Euskal Herriko gehiengo langile eta herritarra protagonista izateko trantsizio demokratiko baten alde, planifikazio publikoa herritarron mesedetan gauzatu dadin; gero eta gatazkatsuagoa den mundu baten aurrean desmilitarizazioaren, bakearen eta burujabetzaren alde.

Hortaz, goizean funtsezko ardatzak identifikatu eta hauek definitzeko ekarpen interesgarriak bildu dira. Arratsaldean aldiz elkarrekin egin behar denez aritu da, helburua ez delako enegarren manifestua idaztea baizik eta gizarte aktibazio hori gauzatzea. Horrela agendan dauden ekintza eta mobilizazioen mapa egin eta agenda konpartitua marraztu da eta elkarlanean sustatu behar direnez ekimenez aritu dira.

Topaketan dinamika bat hauspotzen saiatu da, eta beraz, nolabaiteko jarraipena emateko erronka mahigaineratu da. Alde batetik, urriaren 28an Gasteizen Kartaren ikasturteko asanblada nazional irekia egingo da, non ekimenaren sustatzaile nagusia izan den Kartaren hurrengo urratsez arituko den. Bestetik, topaketan askotariko mugimenduak bildu direla ikusita, hala nola Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimendua edo Mugimendu Feminista, ondorio eta ekintza ahalik eta kolektiboenak sustatze aldera espazio zabalago hauei jarraipena eman eta gaurko topaketen ondorioak kolektiboki lantzeko espazioak irekitzea adostu da.

Azkenik, trantsizio ekosoziala sustatzeko zoru komuna eta elkarlan eta sinergietarako aukerak sustatzea ez da filosofia hutsa, ekintzarako proposamen bat da. Ditugun erronka amankomunei loturik, funtsezko elementu bezala zaintzarako eskubide unibertsalaren eta zaintzaileen eskubideen alde ekitea kokatzen dugu. Horregatik, bildutako gizarte mugimendu ezberdinok bat egiten dute Euskal Herriko Mugimendu Feministak azaroaren 30erako deitu duen Greba Feminista Orokorrarekin, eta berau antolatzeko espazio ezberdinetan proaktiboki parte hartzeko konpromisoa hartu eta deialdia luzatu dute.