Ibaetako foroak Iñaki de Juana aske utzi dezatela eskatu du

2006/10/26
Ibaetako Foroaren hainbat ordezkari Entzutegi Nazionalean izan dira Iñaki De Juana euskal presoaren aurkako epaiketan. Ordezkarion iritziz, argi geratu da, berriro ere, epaiketaren izaera eta xede politikoa. Epaiketa De Juanaren kaleratzea ekiditea beste helbururik gabe bultzatu zuen Zapateroren gobernuak, ordurako presoak zigorra sobera beterik zuenean. Ezin argiagoa eta salagarriagoa izan zen Justizia ministroak, kasu honen harira, “akusazio berriak eraikitzeko” erakutsitako asmoa.

Gaurko epaiketan Fiskaltzak espetxe zigorra eskatu izana salatu du Foroak, De Juanari bi iritzi artikulu idatzi izana besterik leporatzen ez zaion arren.

Bestalde, Foroak uste du sistemak, gaurko epaiketa bezalakoen aurrean, ez duela epaitegien inolako inpartzialtasunik bermatzen, epaitegiok itun antiterroristaren neurrira eginak izateaz gain, izugarrizko presio politiko eta mediatikoa jasaten baitute. Foroaren iritziz, zuzenbidea, epaitegiak eta prozedurak, gaur egun mendeku, xantaia eta pertsonen suntsipenerako ari dira erabiltzen eta, euskal presoei, giza eskubideak ukatu eta “etsaiaren zigor zuzenbidea” aplikatzen zaie.
Foroak, azkenik, Iñaki de Juana aske utzi dezatela eskatu du.