Ibermaticak kutxabanken lan egiten duten 238 langile kaleratzeko asmoa du
Ibermáticako langileak greban daude joan den otsailaren 12tik hona; enpresaren eta Kutxabankeko egoitzen aurrean bilkurak egin dituzte harrezkero.
Euskal kutxen integrazio prozesua gauzatu zenetik Kutxabank plantillen doikuntza basatia egiten ari da. 2012an zuzenean kontratatutako 260 lanpostu suntsitu zituen. Orain finantza-erakundeak enplegua deusezten jarraitu nahi du, azpikontraten artean.
ELAk dagoeneko abenduan salatu zuen Kutxabanken erabakiz garbitasuneko langileei baldintzak okertu nahi zizkietela; orain beste 248 lanpostu kendu nahi ditu informatika zerbitzuak egiten dituen Ibermaticako plantillatik.
Ibermaticak dio ezin duela langilen etorkizunari buruzko informaziorik eman bere bezeroak ez diolako ezer esan. Argudioa kafkiarra da, Kutxabank bezero horrek Ibermaticaren %47 baitauka bere esku. ELAk bilera bat eskatu dio bankuko zuzendaritzari, zeina Ibermaticako akziodun nagusia baita, gure kezkaren berri eman nahi baitiogu enpleguaren suntsipenari eta lan-baldintzen gainbeherari buruz. Oraingoz erantzunik ez digute eman.
Kutxabankek, bestalde, bere gizarte-ekintzaren zatirik handiena deusezteko asmoa ere plazaratu du; honek, noski, langabezia eta txirotasuna areagotzea eragingo du. ELAk jakin nahiko luke hau ote den Kutxabankek bere langileei ezarri nahi dien gizarte-ekintzaren eredu berria.
Kutxabankeko Administrazio-Kontseilua osatzen duten alderdi politikoei exijitzen diegu enpleguaren eta lan-baldintzen defentsan busti daitezela.
ELAk dei egiten die langileei antola daitezen eta jarrai dezaten beren lan- eta bizi-baldintzen alde mobilizatzen.