Ibermáticako langileek euren protesta gauzatu dute Gasteizko kaleen Gabonetako bezperako giroan

2022/12/17
Ibermáticak EAEn dituen zentro guztietako langileek protesta berezi bat egin dute gaur, abenduak 17, Gasteizko kaleetan, hitzarmena berritzeko aldarrikapena indartzeko baliabide gisa.

Urtebete baino gehiago igaro da Ibermáticako lantokien arteko batzordeak enpresako hitzarmen kolektiboa salatu zuenetik. Hitzarmen horren indarraldia 2021eko abenduaren 31n amaitzen zen, eta berritzeko negoziazioari ekin behar diote. Ordutik hamaika bilera egin dira zuzendaritzarekin, baina ez da aurrerapen esanguratsurik lortu. Ibermaticak 2021ean izan zituen irabaziak aurreko urtean baino % 55 handiagoak izan ziren (eta, aldi berean, 2019an baino % 22 handiagoak), eta datozen urteetarako hazkunde-aurreikuspenak ere oso positiboak dira.
Gainera, negoziazio-giroa korapilatu egin da enpresa Sevillako enpresa bati saldu diotelako, inbertsio-funts ingeles baten kapitalarekin. Gogoratu behar da langileek euren aldarrikapenak dagoeneko Eusko Legebiltzarrari eta Arabako Batzar Nagusiei helarazi dizkiotela.