Ibilgailu pribatuen erabilera murriztearen beharra azpimarratu du ELAk, Kotxerik gabeko Nazioarteko Eguna dela-eta

2006/09/20
Irailaren 23an Kotxerik gabeko Nazioarteko Eguna dela-eta, Janire Domingez ELAko ingurumen alorreko arduradunak esan duenez, ”datuen arabera ibilgailu pribatuen erabilera urtez-urte gehitu egiten da; jendea gero eta gehiago mugitzen da, eta horrekin batera garraioaren eraginez isurtzen den CO2 kantitatea”.

Europako Batasunean 1.000 biztanleko 472 ibilgailu daude; 1990 urtearekiko horrek %38 gehiago esan nahi du. Munduan ekoizten den erregaien %80 garraiorako erabiltzen da. Garraioa medio isuritako CO2 kopurua 2004an %4 gehitu zen EAEn, eta sektore honek eragin zuen isuritako CO2 guztiaren %25.

Janire Domingezek salatu duenez, “hori ikusirik, urtean kotxerik gabeko nazioarteko egun bat ospatzea anekdota bilakatzen da. Anekdota eta kontraesana, ibilgailu pribatuen erabilpena egun batez murrizten baita, herri honen errealitatea eta herritarren beharrizanak zeintzu diren ahaztuta”.

ELAren ustez, euskal erakundeek kotxerik gabeko egunarekin propaganda egiten dute urtean behin, baina urteko gainontzeko egunetan ibilgailu pribatuak erabiltzea bultzatzen duten politikak erabakitzen dituzte:

- Gero eta azpiegitura eta errepide gehiago eraikitzen dira, ustez Euskal Herriko garraioaren egoera hobetzeko xedez; ikerketek eta datuek adierazten dutenez, berriz, kontrako norabidean goaz. Horretxen adibide dugu abiadura handiko trenaren proiektua.

-Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren apustua merkataritza guneak, azalera handiko dendak eta industri-poligonoak garatzea da, eta honen ondorio zuzena garraio pribatua erabiltzea da.

-Garraio-politikak ez dira nahikoak, ez eragingarriak; merkataritza gune eta industri-poligonoetarako garraio publiko egokirik ez da antolatzen. Horrela, langileek eta herritarrek ibilgailu pribatua erabili beste biderik ez dute.

Janire Domingezen arabera, politika hauek guztiak mugikortasun jasangarritik urrundu egiten gaituzte. “Noski, gutako bakoitzak egin dezake ibilgailu pribatua gutxiago erabiltzeko ahalegina, baina instituzioek erantzukizun handia dute, eta badirudi kanpaina hauekin herritarren aurrean hori ezkutatu egin nahi dutela”.