Ideiak epaitu eta kondenatu dira

2007/12/06
ELAk deituta 500 lagun elkartu dira Euskalduna Jauregiaren aurrean 18/98 prozesuan ideiak epaitu eta kondenatu direla salatzeko. Kontzentrazioaren ostean ondorengo komunikatua irakurri da.

ELAko Nazio Batzordeak berriro salatu behar du aginte politikoak Justiziaz baliatzeko duen modua Estatu espainolean. Izan ere, salbuespen-egoerako legeak (alderdien legea), auzitegien doktrina, atxilotuentzako zigor jasangaitzak (zigorren betetze osora behartuz), eta epaiketa sumarisimoak (inputatuei oinarrizko auzi-bermeak aitortu gabe). Horrelakoa da sistema penal espainola, pertsonen funtsezko eskubideak zintzilik gelditzen dira nahierara, batez ere, auziaren gaiak Euskal Herriarekin badu zerikusia.

Eta horrela gertatu da 18/98 prozesuan. Ideiak epaitu eta kondenatu dira. ETArekin zerikusirik ez duten erakunde abertzale, politiko, sozial eta kulturaletan ziharduten pertsonak epaitu eta kondenatu dituzte. Prozesu horretan epaiketa zuzena eta inpartziala izateko eskubidea urratu da. Audientzia Nazionalaren epaia, oraindik jakitera eman ez bada ere, jazarraldi-estrategia baten barruan kokatu ahal dugu; horren arabera, inputatuen berme prozesalen partez, “dena zilegi” goiburuaren ondorioak nagusitu dira araubide penal espainolean.

ELAk ondorio politiko bat atera du gertakari horietatik: PSOEk eta PPk egin zuten Estatu-mailako ituna, gure Herriari etorkizunaz demokratikoki erabakitzeko eskubidea ukatu ez ezik, eskubide zibilak eta berme prozesalak urratzeko baliabide ere bihurtu da. Bi alderdi horien arteko ituna, de facto, halako lehiaketa lotsagarri bat bihurtu da, norgehiagoka aritzen baitira alderdi biak burugabekeriak esaten euskal gatazkaren inguruan. Zapateroren Gobernuak, hinki-hankarik gabe dagoeneko, politika errepresiboa eta judiziala erabiltzen ditu, Aznarrek egiten zuen modu berberean.

ELA, erakunde sindikal abertzalea eta klasekoa den aldetik, pertsona guztien eskubide eta askatasunak zaintzen arduratzen da. ELAk, ekitaldi honen bidez, hiru adierazpen plazaratu nahi ditu: elkartasuna agertzea atxilotuekin eta haien familiekin; gainbehera demokratikoari ezetz biribila ematea; eta azkenik, gure Herriaren eskubide kolektiboen alde egiteko modu bakarra —pertsonei inolako erasorik egin barik— borroka zibila eta demokratikoa dela aldarrikatzea. ELAk 18/98 Laguntza Taldearekin hartu zituen konpromisoei eusten die. Ondorioz, ez dugu geure egiten abenduaren 13an ordubeteko lanuztea egiteko deia, dei hori aipaturiko taldetik kanpo egin baita, inorekin adostu barik.

ELAk uko egiten dio ETAren ibilbideari, eta gaitzetsi egin nahi du joan den larunbatean egindako atentatua. Bi pertsonen hilketa oso egintza larria izan da; ez bakarrik bere baitan dakarren sufrimenduagatik, prozesua bide zibil eta demokratiko hutsetatik eramatea eragozten eta galarazten duelako ere.