Ideiak epaitu eta kondenatu dira

2007/12/19
ELAren esanetan gaur berriro argi geratu da Audientzia Nazionalak plazaratutako epaian 18/98 auzian ideiak epaitu eta kondenatu direla. ETArekin zerikusirik ez duten erakunde abertzale, politiko, sozial eta kulturaletan ziharduten pertsonak epaitu eta kondenatu dituzte, prozesu horretan epaiketa zuzena eta inpartziala izateko eskubidea urratu delarik.

ELAk ondorio politiko bat atera du auzi honetatik: PSOEk eta PPk egin zuten Estatu-mailako ituna, gure Herriari etorkizunaz demokratikoki erabakitzeko eskubidea ukatu ez ezik, eskubide zibilak eta berme prozesalak urratzeko baliabide ere bihurtu da. Bi alderdi horien arteko ituna, de facto, halako lehiaketa lotsagarri bat bihurtu da, norgehiagoka aritzen baitira alderdi biak burugabekeriak esaten euskal gatazkaren inguruan. Zapateroren Gobernuak, hinki-hankarik gabe dagoeneko, politika errepresiboa eta judiziala erabiltzen ditu, Aznarrek egiten zuen modu berberean.