Bizkaiko erresidentziak
Idoia Mendiaren Sailak gutxieneko zerbitzuak handitu ditu grebarako eskubidea galaraziz

ELAk greba deituta du Bizkaiko erresidentzietan apirilaren 17tik maiatzaren 3a arte. Bada, Idoia Mendiak zuzentzen duen Lan Sailak are gehiago handitu ditu gutxieneko zerbitzuak, eta %80ko langan kokatu ditu zuzeneko arretako langileentzat, erabiltzaileen mendekotasun mailari jaramon egin gabe.
Ratioak ezartzen dituen dekretuak dio erabiltzaileen mendekotasun graduen arabera ezarri behar direla gutxieneko langileak, eta hori izan da orain arte gutxieneko zerbitzuak finkatzeko irizpidea. Agindu berriak, ordea, alde batera uzten du bereizketa hori, ratioei buruzko Dekretuan ezarritakoa urratuz. Hori dela eta, agindu berriaren arabera, greba egunetan pertsona gehiagok jardungo dute lanean egun arrunt baterako baino, hau da, Jaurlaritzaren dekretuak ezarritakoa baino gehiagok.
Grebarako eskubidearen urraketa argi horrek zuzeneko arretako langileen %80 baino gehiagori eragotziko die eskubidea egikaritzea; helburua da egoitzetako langileen gatazka ikusezin bihurtzea.
Gogoratu behar da Bizkaiko zahar etxeetako langileek 38 greba egun egin dituztela jada sektorean gehiengoa duen ELAk deituta, 2020ko amaieratik berritu gabe dagoen hitzarmenaren blokeoa dela eta.
ELAk nabarmendu nahi du Idoia Mendiak Martxoak 8 jaieguntzat jotzeko eskatu eta soldata arrakalarekin amaitu behar dela esan arren, zuzentzen duen Sailak ez duela ezer ere egiten halako sektore feminizatu bateko lan gatazka konpontzeko, eta emakume horien borroka ikusezin bihurtzea eta neutralizatzea bilatzen duten neurriak baino ez dituela hartzen. Emakume horiek jasaten duten diskriminazioa amaitzeko eta egoitzetako langileen zein erabiltzaileen baldintzak hobetzeko borrokan izanagatik ere.
ELAko sektoreko langileek argi dute, baina, gutxieneko zerbitzuak gehiegizkoak badira ere, borrokan jarraituko dute euren gatazka kalean ere plazaratuz.