EAEko ZERBITZU PUBLIKOEN GREBA

Igor Eizagirre: "EAJri eta EH Bilduri exijitzen diegu Aurrekontuak ez babesteko, hemen negoziatzeko betoari eusten badiote"

2023/10/25
ELA-Gizalaneko idazkari nagusiaren adierazpenak Bilboko manifestazioan:

“Gaurko greba eta mobilizazioen arrakasta ikusita, langile publikoek mezu argia helarazi diete erakundeei eta alderdi politikoei.

• Benetako arazoetaz ari gara, ez ondoez artifizialez edota aldarrikapen populistetaz. Langileek zein herritarrek pairatzen dituzten arazo hauek. Osasungintza, adibidez, herritarren lehen kezketako bat da, hainbat inkestaren arabera.
• Datuetan islatzen den lan-prekarietateaz ari gara. Esate baterako, EAEko sektore publikoko behin-behinekotasuna Europako handiena da (%49), eta sektore pribatukoa hirukoizten du (%13); edo sektore publikoko langileen erosteko ahalmenaren galera metatua % 20koa da. Agian langile publikoek ez dute hipoteken, elikagaien edo erregaiaen prezioen igoerarik jasaten?
• Gure erakundeek konpondu nahi ez dituzten arazoez ari gara. Azken Mahai Orokorrean, adibidez, Eusko Jaurlaritzak esan zigun datorren urterako aplikatuko duten soldata-igoera Madrilek markatuko duena izango dela; eta Espainiako Estatuak ezartzen duen birjarpen-tasa ere aplikatuko dutela. Gainerako eremuetan, egoera ez da desberdina. Borondate falta horren erakusgarri da erakunde guztiak, Estatuaren ordezkaritza izan ezik, ez zirela bertaratu LHKn deitutako bileran.
• Gure erakundeak oso eroso daude Madrilek ezartzen duen betoarekin, benetan egin nahi dituzten politikak egiteko aukera ematen dielako, eta baita errua hirugarren bati botatzeko aukera ere. Gure alderdi politikoak ere hala daude. Nola azaltzen da, bestela, Madrilek azken urteotan gure sektore publikoaren soldata eta enplegua hemen negoziatzea eragozten duten aurrekontuak onartu izana, EAJren eta EH Bilduren babesarekin? Zergatik ez da inoiz gatazkarik sortu Estatuarekin, hemen soldata eta enplegua erabaki ahal izateko?
• Une honetan inbestidura bat negoziatzen ari dira Madrilen. Asko hitz egiten da Kataluniako agendaz, eta euskal agenda non geratzen den eta alderdi politikoek gure interesen zein defentsa egiten duten galdetzen diogu geure buruari. Une honetan, EAJren eta EH Bilduren botoak ezinbestekoak dira Gobernua inbestitzeko eta mantentzeko. EAJk asko hitz egiten du komunikabideetan autogobernuaz eta eskumen berrien transferentziaz, baina ez du ezer esaten EAEkoak direnei buruz. Estatuko Gobernuak hamarkada bat darama gurea den eskumen bat lapurtzen. Hori da autogobernua defendatzea?
• Ez dugu nahi Madrilek bere neurriak inposatzea eta esparru publikoko negoziazioaren gaineko betoa ezartzea. Ezin dugu normalizatu Madrilek erabakitzea ze soldata izan behar duten gure langile publikoek edo zenbat erizain edo irakasle behar ditugun. Hemen sektore publikoko soldata eta enplegua negoziatu nahi ditugu.
• EH Bilduri eta EAJri eskatzen diegu baldintza bat jar dezatela Estatuko Gobernuari babesa emateko: Aurrekontu Legeak betoa kentzea eta ez ezartzea langile publikoen soldata-igoera, ezta birjartze-tasak ere. Borondate politikoa besterik ez da behar. Hori ez den beste edozein jarrera eskumenen galera eta autogobernuaren murrizketa ontzat ematea izango da.
• Azkenik, oso kontuan izan behar dugu langile publikoen lan-baldintzak eta zerbitzu publikoen kalitatea elkarri lotuta doazela. Eta zerbitzu publiko indartsuak, doakoak, kalitatezkoak, ondo zaindutako, motibatutako eta prestatutako profesionalekin gehien behar ditugunak langileak eta herritarrak garela.