Ikastola pribatuko lan hitzarmen duinaran alde

2002/09/18
ELA-ERTZAINTZA SEKTORE-BATZORDEAREN ADIERAZPENA ELA-Ertzaintzak guztiz desegokitzat jo du joan den larunbatez Bilbon izan zen manifestaziorako Herrizaingo Sailak erabaki zuen jokabidea, irizpide operatiboei zein politikoei dagokienez. Ikuspuntu operatibotik, manifestazio handi baten aurka egiteko erabakiak arrisku larrian jarri zituen bertan parte hartu zuten milaka eta milaka lagunak, baita ertzainak ere; ondorioak gertatu ziren zauri eta kalteak deitoragarriak baino are larriagoak izan zitezkeen. Epai politikoari dagokionez, Ertzaintza eskubide demokratiko bat -manifestazio eskubidea, alegia- zapuztu eta erreprimitzeko erabili dute. Sektore-batzorde honek Ertzaintzaren papera salbuespenik gabe herritar guztien eskubide eta askatasunen defentsa eta bermea ziurtatzea dela irizten dio, eta ez eskubide eta askatasun hauen aurkako estrategiak betearazteko tresna izatea. Irizpide demokratikoen arabera jokatzen duen poliziaren papera inon ez da erraza. Zeregin hori are zail eta korapilatsuagoa gertatzen da gurean bezala esparru juridiko-politikoa bera modu larri eta zilegizkoan zalantzan jarri denean; ETAren mehatxuak dirauen artean –Ertzaintzak horren aurkako borrokan dihardu herritarren bizia eta askatasuna defenditzeko–, eta gizarteko esparru jakin batetik etengabe Ertzaintzaren aurkako eraso, irain eta deskalifikazioak jaurtitzen direnean. Egoera honetan Ertzaintzak eta berau osatzen dugunok sarritan une zail eta liskartsuetan jardun behar izaten dugu, baina ezin ahaztu zer garen, ez zertarako gauden: herri honetako polizia gara; herri honek bere segurtasuna bermatu eta eskubide zein askatasunen defentsa betetzeko lana eman digun herritarrak gara. Ertzaintzan sartu ginenean betebehar horri ekin genion, eta gaur ere konpromiso horri eusten diogu. Betebehar horrek ematen digu legitimitatea gizartean. Ez dugu ahaztu, eta Ertzaintza zuzentzeko erantzukizuna dutenek ere ez lukete ahaztu beharko. Euskal gizarteko gero eta sektore zabalagoak kriminalizatzeko joerarekin ELA-Ertzaintza ez dator bat. Estrategia honek irtenbide politikoak oztopatzen ditu eta gizartea zatitzera darama. ETAren eta mehatxua zein suntsipena eragiten dituztenen aurkako borroka beharrezkoa da, noski. Baina terrorismoaren aurkako borroka irtenbide demokratiko oro ukatzeko aitzakiatzat hartzeak herri honi zor zaion bakerako eta normalizazio politikorako eskubidea ukatzea esan nahi du. Gure herriak eta, bistan da, Ertzaintza osatzen dugunok bizi ditugun une gordin hauetan, ELAko batzorde-sektoreak bere afiliatuei herritarren eskubide eta askatasunen defentsarekiko konpromisoari eutsi diezaiotela eskatzen die; izan ere, gauza ziurra baita honetarako euskal gizartearen babesa eta elkartasuna izango dutela. ELA-Ertzaintzak, azkenik, ELAren Batzorde Eragileak joan den irailaren 16an zabaldu zuen komunikatuarekin guztiz bat datorrela adierazi nahi du. 2002ko irailaren 20a.