Ilegalizazioen aurka

2008/09/24
EHAK eta EAE-ANV-ren jardunak legez kanpo uzteko erabakiaren aurka protestatzeko bostehunen bat ordezkari elkarretaratu dira irailaren 22an Espaniako gobernuak Bilbon duen egoitzaren aurrean.

ELAren iritziz, EHAK eta EAE-ren jardunak legez kanpo uzteko Auzitegi Gorenak hartutako erabakiak estaldura judiziala eman dio Gobernu sozialistaren aldez aurreko erabakiari, hau da, “askatasunen alde eta terrorismoaren aurka” delako estatu-ituna betez harturiko erabakiari.

ELA behin baino gehiagotan azaldu da Alderdien Legearen aurka, bereziki partehartze politikorako eskubidea murriztea izan duelako helburu. Orain, ELAk jendaurrean salatu nahi du legez kanpo utzitako erakundeen babes gabezia, eta baita prozesu horien arbitrariotasuna ere. Nahierara jokatze horrek sustatzen duen kultura politikoan giza eskubideak ez omen dira kontrako alderdian daudenentzat. ELAk salatzen du, halaber, bistakoa dena, hots, hauteskundeei begira egindako kalkulu baten arabera burutu dela ilegalizazio prozesu hori. Halaxe da, data jakin baterako burutu nahi zen legez kanpo uztea, egintzak bidezko eran egiaztatzea baino.

ELAk Alderdien Legea indargabetzeko eskatzen du, herri honetako gehiengo politikoak eta sozialak uko egiten baitio. Eskubideak dituzten milaka pertsonen adierazpen politikoa bertan behera uztea onartezina da demokrazian . ELAk gogorarazi nahi du   , hauteskunde-adierazpena honek ordezkatzen duen eremu sozio politikoa  hainbat aldiz zilegiztaturik  izan dela bozketetan eta, alde horretatik ere, beharrezkoa da bere presentzia herri honetan.

Bestalde, “ingurune” doktrina erabiltzearen ondorioz sortu den egoera sozial eta politikoaren larritasuna azpimarratu nahi dugu ELAtik. Izan ere, euskal gatazkari izaera politikoa ukatzeko ez ezik, orain hainbat pertsona kondenatzen da, banda armatuko kide direlakoan, edo hari lagundu diotelakoan, eta egiatan bestelako kontuetan ari izan dira, besteak beste, ideiak zabaltzen, presoen eskubideak betearazten, torturak eta tratu txarrak salatzen, euskara sustatzen edo gizarte-mugimenduak, orokorrean, bultzatzen. Erabaki horiek guztiek argiro erakutsi digute espainiar estatuak ezin diola euskal gatazkari heldu, bide politikoetatik, behintzat; eta beraz, gero eta sinestuago gaude Estatuak nekez eskain dezakeela irtenbide demokratikorik. Hori beste arrazoi bat izan beharko zen,

ELAren iritziz, aldaketa politikoaren alde dauden euskal indarrek borroka-moduak eta jokabide politikoak berraztertzeko, eta eskubide-urratzeak zuritzeko balio dutenak alde batera uzteko. ELAren ustez, berraztertze horrek orain arte ikusi ez ditugun bideak irekiko lituzke prozesu politikorako, Estatu-indarkeria estaltzen duten tresnak desegin, eta erasoen maila bereko gizarte-erantzunak antolatu. Zentzu horretan, atzoko elkarretaratzean adierazi bezala, ETAri bide armatua utz dezala exijitzen dio ELA-k.

ELAk euskal esparru juridikoak jasaten duen etengabeko karruskapena salatu nahi du, berez menpekoa eta ordezkoa den markoa, hain zuzen. Karruskapen honen erakusle dira legez kanpo uzteak ere, estatuen interesen arabera onartu eta debekatzen baitira  euskal hauteskunde-adierazpenak, bertako autogobernuaren erakundeei inongo babesa emateko aukera zapuzten zaiolarik.