Immigrazioaren Nazioarteko Egunean Gasteizko alkatearen adierazpide arrazista eta xenofoboak salatu ditu ELAk

2014/12/18
ELAk deituta Javier Maroto Gasteizko alkatearen jarrera arrazista eta xenofoboa salatzeko elkarretaratzea egin da Arabako hiriburuan. Izan ere, Gasteizko alkatea auzi honetan ostikoka eta zalapartaka sartu da, magrebiar jatorriko kolektibo jakin batzuren menpekotasuna amaitu beharrekoa dela esanez. ELAk gogoratu du pobrezia, prekarietatea eta desberdintasun soziala azken urteotan hazi egin dira, eta honen eragina batik bat immigranteek jasan dute.

ELAren agiria gaurko egunez:

Ezin dira migrazioa eta gizarte-prestazioak nahastu, pobrezia eta kolonizazioaz mintzatu gabe (nork zor dio zer nori?). Ez dago politika publikoen mugak eta gizarte-laguntzetan ematen den iruzurra aipatzerik, murrizketa austerizidez eta desberdintasun eta bazterketa sozialaren gorakadaz mintzatu gabe. Pobreziaren edota immigranteek pairatzen duten desberdintasunaren ondorioez mintzatuz gero, ezinbestean auzi honen erroetara jo behar da.

Gizarte-prestazioak eta iruzurra lotzea eragiketa arriskutsua dugu. Xehetasunetan sartuz gero, eta Diru-Sarrerak Bermatzeko Errentak piztu duen polemikari helduta, komeni da gogoratzea eskubide subjektibo batez ari garela, eta horrenbestez, derrigor bete beharrekoa; beraz, ez dago aurrekontu nahikoa izatearen baitan.

Bizikidetza-unitate orori gutxieneko eskubide bermatu batzuk zor zaizkio”. Hori da prestazio honen ideia edo filosofia nagusia, eta ez litzateke baztertu beharko. Litekeena da tresnak akatsak izatea, baina okerra da pentsatzea berez sortzen dituela iruzurra eta arazoak. Inork ez dizkigu orain arte lortutako babes eta solidaritate kolektiboko tresna urriak oparitu; berrikusteko eta hobetzeko modukoak izan arren, laguntza bera zalantzan jartzeak jasotzen duenarekiko mesfidantza eta susmoa hedatzen du.

Pobrezia, prekarietatea eta desberdintasun soziala azken urteotan hazi egin dira, eta honen eragina batik bat immigranteek jasan dute. Pobrezia era berean, ez da neutrala, ez ditu berdin kolpatzen emakume zein gizonak. Zentzu honetan, pobreziaren feminizazioak betikotzen jarraitzen du.

Bestalde, ez da egia gure gizarte-babeseko sistema edozein immigrantek goza dezakeen panazea denik. Aitzitik, azken aldian murrizketak ezarri dira eta prestazioak jasotzeko eskakizunak zorroztu egin dira, esaterako erroldatuta egondako epealdia urtebetetik hiru urtera luzatuta. Era berean, Eusko Jaurlaritzak duela gutxi osasun-arreta mugatu egin die erroldatuta urtebete daramatela edota diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzen dutela egiaztatu ezin duten immigranteei.

Horrenbestez, egoera honetan baliabideak gehitu egin beharko lirateke inork ez dezan pairatu pobrezia edo bazterketa soziala, baina beste zerbait egiten da: Pobrezia kriminalizatu eta giro xenofoboa zabaldu. Pobreen arteko gerra piztea estrategia erraza da, eta helburu argia du, epe labur eta ertaineko botoetan etekina ateratzea. Eztabaida nahastu eta manipulatuta, gure jendartean datzan desberdintasunaren eta diskriminazio estrukturalaren errora jo ezean azalean geratzen gara. Arazoa laburbiltzeko esaten da gure sistemaz profitatzera datozen pertsona eta talde jakin batzuk iruzur egiten dutela.

Beraz, nondik begiratzen diegun, errealitateak desberdinak dira, eta arazoa zein ikuspuntutatik heltzen zaion, irtenbide eta sendagai desberdinak hautatzen dira.

Javier Maroto Gasteizko alkatea auzi honetan ostikoka eta zalapartaka sartu da, esan baitu batez ere magrebiar jatorriko kolektibo jakin batzuren menpekotasuna amaitu beharrekoa dela, ez dagokien laguntza sozial bat erabiltzen omen duten heinean.

Ideia edo mantra honek jendartearen iruditeria eta subkontzientean oihartzuna du, eta okerrena da ustezko egia berdadero hauek, agintari publikoek ere errepikatzen dituztenak, pertsona batzurengan sartzen direnean, hauek iristen direla sinestera zerbait egiteko eskubidea dutela. Hala gertatu zen gasteiztar gazte bati eraso zion gizon batekin, mutilak immigrante batzuk defenditu zituelako herritarren arretarako ilara batean zain zeudela. Antzekoa izan zen ere burua estalita zeraman emakume bati autobus publiko batean sartzea galarazi zion gidariaren kasua. Bi gertakariak oso epe laburrean eta hiri berean gertatu ziren. Kasualitatea, ala ondorio logikoa?

Gertakari berdinak era desberdinean irakur badaitezke ere, oinarrizko bizikidetza eta kohesio arauak hausteko arrisku handia dago.

Asko dago jokoan. Pobrezia gero eta hedatuago dago, baina gero eta eraso latzagoak egiten zaizkie behartsuei, adierazpide arrazista eta xenofoboak barne. Herritarren arteko bizikidetza arauak nork ezartzen dituen, eta nola, jendarte eredu batera edo bestera eraman gaitzake. Gaur jopuntuan jarri dituzte pertsona eta kolektibo jakin batzuk; bihar noren txanda izango ote da?

Horregatik, abenduaren 18 honetan, immigrazioaren nazioarteko egunez alegia, ELAk adierazi nahi du arbuiatu egiten duela edozein ekintza edo jarrer arrazista zein xenofobo, nola lan munduan hala gizartean, eta hitza ematen du beste kulturekiko errespetuz jokatuko duen gizarte baten alde egingo duela, pertsona guztientzako, edozein jatorrikoak direla ere, bizimodu duina bermatzen duen gizartea.