Iñaki de Juana berriro kartzelaratzeko erabakia gaitzesten du ELAk

2007/06/06
Espainiar gobernuak, lehen hartutako erabakia aldatuz, Iñaki de Juana berriro kartzelaratzea erabaki du. Abagunearen kudeaketa maneiatzeko erabakia izanik, erabilera politikoaren baitan kokatu beharra dago honako neurria. Zuzenbide estatuaren aplikapenarekin zerikusirik ez duen mendeku egintza da gobernuarena. Neurri eta arrazoiz kanpoko erabakia da, egokiera politikoaren irizpidetan oinarriturik soilik.

Hari horretan, su-etena hausteko ETAren iragarpenaren ondoren, espainiar gobernuak euskal gatazka konpontzeko duen ezintasun politikoa ezkutatu nahi izan du, Iñaki de Juana kartzelarekin zigortuz. Eskubideen urraketa eta jazarpena dakarren eszenatokira itzultzeko zuritu nahi izan du bere burua espainiar estatuaren eskuindar atzerakoienen aurrean.

Horregatik, espainiar gobernuak erabakia atzera bota dezala esijitzen du ELAk, dagoenekoz Iñakik zigorra bete duela kontutan harturik.