Iñaki de Juana euskal presoaren egoera salatu du ELAk

2006/09/04

ELAren Batzorde Eragileak bere kezka adierazi du Iñaki de Juana euskal presoa pairatzen ari den egoeraz. Preso honek kalean behar zuen orain ia bi urte (legearen arabera ezarritako zigorra betea baitzuen) irizpide eta presio politiko eta mediatikoek eragindako arbitrariotasun judizialak tarteko izan ez balira.

Iñaki de Juanak idatzitako bi iritzi artikuluren aitzakian egotzi zaizkion delitu berriek ez dute inolako funtsik; presoaren kaleratzea eragotzi eta beste urte mordo baterako espetxean edukitzeko xedea besterik ez dago erabaki horren atzean. Tamalez, eskuin muturreko taldeen eskaerarekin bat eginda, epaitegiak ontzat ematen hasi dira, de facto, bizitza osorako kartzela zigorra ezartzen duen irizpidea.

Ezin aipatu gabe utzi gai honetaz Rodríguez Zapaterok duen erantzukizuna, argi utzi baitute gobernu-ordezkariek de Juana eta beste hainbat euskal presoren etxeratzea, aldez edo moldez, eragozteko borondatea.

ELAk salatu egiten du legearen eta gizatasunaren aurka doan jokabide hau; zigor zuzenbidearen arau oinarrizkoenak hautsi, pertsonaren funtsezko eskubideak txikitu eta Iñaki de Juana babesgabetasun gorrienean uzten duena.

Hortaz, ELAk eskatzen du Iñaki de Juana espetxean atxikitzeko hartu diren erabakiak zuzendu ditzatela eta euskal presoa, behingoz, aske utzi dezatela.