Emakumeen aurkako indarkeria salatu du ELAk

2012/11/22
Azaroaren 25ean, Indarkeria Sexistaren Kontrako Nazioartekoa Eguna ospatzen da. ELAk deituta ehunka pertsonek elkarretaratze batean parte hartu dute gaur eguerdian Bilbon. ELAren esanetan, krisi sistemiko honetan, kasu askotan, emakumeek askoz gehiago ari dira sufritzen desberdintasun eta diskriminazio egoera desberdinetan.

 

Gainera, moral eta ohitura zaharren aginduak berreskuratu egiten dira: emakumeak etxera berriz bueltatu arazi nahi dituzte. Hauek baitira leungarri nagusia kalitatezko gizarte zerbitzu publikoen falta eta gabeziaren aurrean, eta bizitzaren iraupenerako beharrezkoak diren zaintza lanen aitortzarik ez dagoenean.

Era berean, berdintasun formalaren eta politikoki zuzenaren aldeko apostuak gizon eta emakumeen arteko egiturazko desberdintasun egoera bultzatzen duen sakoneko gizarte eredu eta eredu ekonomikoa zalantzan jartzeko aukera albo batera uzten du, genero berdintasuna eta indarkeria sexistaren arteko lotura zuzena banatzen saiatuz ere.

 

Erantzunkizun instituzional eta politikoa nabarmendu ostean, aurtengo azaroak 25 honetan, ELAk zer dio:

1) Gizonek emakumeen aurka era ez lejitimoan gauzaturiko indarkeriaren egiturazko izaera salatzen dugu.

2) Gure egiten dugu indarkeria sexistaren aurrean antolakuntza sindikal eta feminista sendotzeko konpromisoa.