Nafarroako industria politika
Industria Mahaiak Nafarroako Gobernuaren patronalaren aldeko politikak legitimatu besterik ez ditu egiten

Atzo beste bilera bat egin zuen Industria Mahaiak, eta Gobernuko presidente María Chivitek Industria Legearen bigarren zirriborroa aurkeztu zuen. Bilera horretan Nafarroako eragile ekonomiko nagusiek eta UGT, CCOO eta LAB sindikatuek parte hartu zuten.
ELA da Industria Mahaian parte hartzen ez duen sindikatu bakarra, bertan, patronalaren alde Nafarroako Gobernuak hartzen dituen neurriak legitimatu besterik ez delako egiten. Gainera, okerreko mezua bidaltzen zaio langile klaseari langileen arazoak patronalaren interesak betetzean konponduko direla esaterakoan, patronalaren interesak lan baldintzak prekarizatzea direnean.
Nafarroako Gobernuak lau sindikatuei dei eginez sortu zuen Industria Mahaia, besteak beste, Enplegu Planarekin UGT, CCOO eta CEN sindikatuei mesede egiteko erabakia ezkutatzeko. Gogoratu behar da duela aste gutxi sinatu zutela Enplegu Plana, 570 milioi euro baino gehiago banatzeko. Plan antidemokratikoa da, UGTk eta CCOOk Nafarroako langileen % 50 baino gutxiago ordezkatzen dutelako.
Nafarroako Gobernuak Industria Legean proposatzen duen neurri nagusia da irabaziak dituzten enpresek are ekarpen txikiagoa egitea diru kutxa publikoei. Gogoratu behar da irabazirik ez duten edo galerak dituzten enpresek ez dutela Sozietateen gaineko Zergarik ordaintzen. Hau da, dirua irabazten ari diren enpresek zerga gutxiago ordaintzea proposatu du Gobernuak. Honek, Maria Chivite presidenteak eginiko adierazpenekin bat egiten du: "Nafarroan 6 enpresatik 5ek Estatuko gainerako erkidegoetan baino zerga gutxiago ordaintzen dute".
ELAk funts bat sortzea proposatu du industriaren eraldaketa bultzatzeko, sektore estrategikoetan esku hartze publikoa bultzatzeko, eta industria politika bultzatzeko banku publiko bat eratzeko. Trantsizio ekosozialak pertsonen zaintzarekin eta ingurumenaren aldetik jasangarriak diren jarduerak sustatzera bideratu behar du. Ildo horretan, gaur egun kaleratzeekin mehatxatzen ari diren enpresa gehienak horrelako jarduerekin lotuta daude (energia eolikoa, bidaiarien garraioa, etxetresna elektrikoen ekoizpena...), eta horrek Nafarroako Gobernuaren esku hartze zuzena eskatzen du lanpostu horien defentsan.