Industrias Alga eta Inervoleko greba bertan behera geratu da

2021/06/08
Zaldibarreko eta Abadiñoko lantokietako langileek atzo gauean erabaki zuten hastekoa zuten greba mugabea bertan behera uztea, ELA grebarekin jarraitzeko prest izan arren.

Industrias Alga eta Inervoleko 150 langile baino gehiago grebara deituta zeuden atzo, langileek asanbladan hala erabakita. Izan ere, ELAk salatu zuenez, enpresaren etorkizunari buruzko ziurgabetasunaz gain, zuzendaritzaren gardentasun ezak eta azken urteotan langileekin lotutako zorrak egoera asko larritu dute.Gogoratu dezagun enpresa hartzekodunen aurrekonkurtsoan izan zela urtarriletik maiatzera, eta sindikatuek ez dutela izan lanpostuei eusteko industria planari buruzko inolako informaziorik.

ELAk gutxienekoak ipini zituen. Hala nola, langile guztiekin eskuratutako zorrerako ordainketa egutegia, bideragarritasun plana eta azterketa ekonomiko eta finantzieroa egin eta ezagutzea, edota langileek nomina osorik jasotzea hirugarren lan egunean.

ELAren ekimenez langileen asanblada deitu zen, enpresa batzordeak grebaren deialdia bertan behera uzteko enpresak bete beharreko gutxieneko batzuk erabakitzeko. Honako hauek erabaki zituen:

1- Hartutako zorra ordaintzea eta ordainketa-egutegi bat.

2-Bideragarritasun plana.

3-Hileko nominaren ordainketa bakarra eta puntuala. Horrez gain, ELAk kobrantzak eta zorrak ziurtatzeko puntuak zehaztu zituen.

Enpresak ezetz esan zien batzordeak adostutako minimoei, ezin zituela bete esanez.Gainerako sindikatuek ez zuten gainerako gutxienekoak bete nahi izan, are gutxiago ELAren proposamena. Gure atal sindikalak esan zuen grebaren deialdia egin zuen foro berean bozkatu behar zela, hau da, asanblada batean, eta hala egin da.