Ingemar-eko langileen elkarretaratzea Lugon

2017/06/28
Ingemar taldeko zuzendaritzak langile guztien kaleratzea eragingo duen EEE ( Enplegu Erregulazio Espedientea) bat aurkeztu du Usurbilgo lantegian. ELAren iritziz, Lugoko Konkurtsoaren administratzailea eta Ingemar taldeko zuzendaritza eskutik helduta ari dira azpijokoan, lehiaketa lehenbailehen bukatzeko asmoz, betiere, biek ala biek etekina ateratzeko asmoz. Horren aurrean, langileek elkarretaratzea egin dute gaur goizean Lugoko Epaitegian.

ELAren esanetan Ingemar Taldeko zuzendaritza Konkurtsoen Legeaz baliatzen ari da, ez legeak aurreikusten dituen helburuak betetzeko, baizik eta beste helburu batzuetarako.

“Konkurtsoen Legeaz baliatzen ari da hartzekodunen interesei erantzuten ari dela pentsarazteko. Nola? Bada, hitzarmen-eskaintza bat eginez. Hori egiten duen bitartean, ordea, negozioa murrizten ari da. Zer esan nahi du horrek? Funtsean, ezinezkoa dela itundutakoa betetzea, alegia, tranpa hutsa dela. Konkurtso Administratzaileak, bere aldetik, ez du ezer esan horretaz".