Injustiziaren aurrean erresistentzia pasibo ez biolentoa eskubidea da
Atzo Gasteizen izan ziren gertakariak direla eta ELAk honakoa adierazi nahi du:
1.- Auzitegi Nazionalak espetxe zigorra ezarri die hainbat pertsonari, parte hartze politikorako eskubidea medio. ELAk nabarmendu nahi du auzibide honetan, eta beste askotan, zigorra ezarri duenak baztertu egin duela auziperatuek salatutako torturak ikertzeko aukera; honek babes gabezia juridikoa eragiten du, azken epaian beren buruak inkulpatu izanak pisu handia izan baitu. Bestalde, ezinbestekoa da kontutan izatea gazte hauei askatasuna sei urtez kenduko zaiela; hau bidegabea eta oso larria iruditzen zaigu. Sei urteko espetxe zigorra!
2.- ELAk babesa ematen die egoera injustuak salatzeko ekintzei, biolentziarik gabe eta erresistentzia pasiboaz egiten direlarik. Eskubide zibil, demokratiko, politiko eta sozialak ez ziratekeen egundo aitortuko, eta ez dira etorkizunean erdietsiko, milioka pertsonak nonahi egin dituzten honelako desobedientzia baketsu ekintzarik gabe. Hala izan da antzinetatik.
3.- ELAren ustez, iritsi da euskal indarrek gogoeta bat egin dezaten daukagun autogobernu tarteaz; gero eta areago, autogobernua Estatuko botereek hartutako erabakiak betetzera mugatzen da. Hain zuzen botere horiek (exekutiboa, legegilea eta judiziala) euskal auziari buruz gauza bat eta bera bailiran jokatzen dute.
Gainera, ELAk Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailari eskatzen dio berma dezala atzoko moduko egoeretan Ertzaintzaren jardunbidea aurre egiten dion ekintzaren tamainakoa -kasu honetan erresistentzia baketsua- izango dela, inolako gehiegikeria polizialik gertatzeko aukerarik izan ez dadin.
4.- ELAk espainiar Gobernuari galdegiten dio bertan behera utz dezala eskubide demokratiko, zibil eta politikoen erabilera besterik egin ez duten pertsona eta erakundeei jazartzeko estrategia, eta atxilotutako guztien askatasuna eskatzen dugu.