GREBA IBERDROLAN

Irabaziak nabarmen handitzen ditu enpresak, baina langileei soldata igoerak ukatzen dizkie

Irabaziak nabarmen handitzen ditu enpresak, baina langileei soldata igoerak ukatzen dizkie
EAE eta Nafarroako lantokietako Iberdrolako grebak agerian utzi ditu langileen salaketak; hala nola erosahalmenaren %19ko galera, zuzendariei emandako pizgarri milioidunak eta hitzarmenaren blokeoa.


ELAk Iberdrolan deitutako grebak jarraipen zabala izan du EAEko eta Nafarroako hainbat lantokitan. Langileek hitzarmen berria eskatzen dute, 2024ko abenduaren 31tik iraungita dagoena, eta soldatak KPIari lotzea galdu duten erosahalmena berreskuratzeko. 

Urte eta erdiko negoziazioen ondoren, Iberdrolaren zuzendaritzak uko egiten dio soldatak KPIaren arabera eguneratzeari. Dagoeneko, langileek %19 baino gehiagoko erosahalmen galera pilatu dute azken hitzarmena sinatu zenetik.

Grebak ia %90eko jarraipena izan du Asua, Ortuella, Abadiño, Gernika, Leioa, Durango, Santurtzi, Barazar, Miramon, Hernani, Eibar eta Ordiziako lantokietan. Larraskitun parte-hartzea %50etik gorakoa izan da, eta Iberdrola Dorrean %20 ingurukoa. Nafarroan ere jarraipena %20koa izan da.

Akziodunen batzarrean, ELAko ordezkari batek salatu du Iberdrolaren irabaziak %12 hazi zirela iaz eta akziodunen ordainsaria %14 igo zela, baina langileei aplikatutako soldata igoera %0,685ekoa baino ez zela izan, KPIa %2,9koa izan zenean.

Iberdrolak 400 zuzendari baino gehiagorentzat 400 milioi eurotik gorako pizgarriak eta ordainketak onartzea aurreikusten du, baina 8.000 langile baino gehiagorentzat 10 milioi euro inguruko soldata eguneratzea ukatzen du. Enpresak 6.285 milioi euroko irabaziak izan zituen iaz.

Gainera, ELAk kritikatu du erabaki guneak eta lanpostu berriak Bilbotik Madrilera lekualdatzen ari direla, eta enpresan euskararen presentzia eskasa dela. Hizkuntza eskakizunik ez dagoela, euskarazko prestakuntzarik ez dela eskaintzen eta barne komunikazioetan euskararen erabilera urria dela salatu du.