Irailaren 23an eta 24an greba eta "Zaintzaldia" Gipuzkoako zahar egoitzetan

Sektorearen mobilizazio berri honen aurkezpenean, ELAk salatu du Gipuzkoako Foru Aldundiak langileen eskaerak errefusatzen jarraitzen duela, nahiz eta egoera gero eta larriagoa izan, langile homologatuen faltagatik eta lan-karga jasanezinengatik. Gatazkak hiru urte bete ditu dagoeneko. Gipuzkoako Foru Aldundiak uko egiten dio langileekin biltzeari. "Pentsaezina eta onartezina da gobernu demokratiko batek gatazkan dauden langileekin biltzeari uko egitea, are gehiago hain oinarrizkoa den zerbitzua eskaintzen dutenean", kritikatu du sindikatuak.
Gauzak horrela, ELAk uste du Aldundiak gutxietsi eta umiliatu egiten dituela pandemiaren garaian bizia arriskuan jarri duten langileak. "Pertsona ahulenen bizitza eta heriotza zaintzen ditugu, baina gizartea kudeatzen dutenek abandonatu egin gaituzte; zaintza negozio hutsa bihurtu da. Aldundiak nahiago du ehorztetxeekin eta putreekin negoziatu gurekin baino ", kritikatu dute.