Irakaskuntza publikoko langileen %75ek bat egin du greba deialdiarekin

2006/11/29
ELA, STEE-EILAS, LAB eta UGT sindikatuek grebara deitu dute azaroaren 30erako Bizkaiko unibertsitatez kanpoko irakaskuntza publikoan. Administrazioak negoziatzeko agertu duen borondate eza eta sektoreko mahaietan zuzendu zaizkion eskaerak onartzeko asmorik agertu ez izana dira grebaren arrazoiak. Iragan astean Gipuzkoan eta Araban gertatu bezala, langileen gehiengoak bat egin du deialdiarekin, %75tik gora.

Azaroan 21ean greba deialdia Gipuzkoan izan zen, eta 23an Araban. Bi herrialdeetan deialdia arrakastatsua izan zen oso, eta langileen gehiengo zabal batek bat egin zuen deialdiarekin. Administrazioaren jarrera luzagarri eta ez negoziatzaile horrek eragin du 2003. urteaz geroztik lan-hitzarmenak ezin berritu izana. Greba-egun hauetara deituta daude, lehendabiziko aldiz denak batera, EAEko unibertsitatez kanpoko irakaskuntza publikoan lan egiten duten Hezkuntza Sailaren menpeko lantalde guztiak: irakasleak, lan-legepeko hezitzaileak eta sukalde, garbiketa eta autobusetako langileak (ia 25.000 langile).

Gogorarazi beharra dago, joan den maiatzean negoziazioak eten zirenez geroztik eta orain greba-egunetara deitu aurretik, mobilizazio eta presio-ekintza ugari egin direla eta askotan dei egin zaiola Tontxu Campos Hezkuntza Sailburuari berari Administrazioak bere jarrera eta irizpideak alda ditzan. Tamalez, ez diote bidea eman edukiez hornitutako negoziazioari eta, hortaz, greba-egun hauen deialdiaren ardura Administrazioaren axolagabekeriari soilik egotzi dakioke.

Eskolak aldaketa sakonak izan ditu azkeneko urte hauetan. Bertan lan egiten dutenen eginkizunak ere asko aldatu dira: erronka berriei aurre egin, gero eta ardura gehiago bere gain hartu, errealitate berriei erantzun, gizarteak eskatzen dien zerbitzu gero eta ugariagoak bete …

Baina, eskolak aldaketa hau izan duen arren, Administrazioak ez ditu ezarri egoera berri horri aurre egin ahal izateko beharrezkoak diren neurriak. Aitzitik, Hezkuntza Sailak zero kostuko negoziazioa planteatu du eta, horrez gain, Hezkuntzara bideratutako aurrekontu-gastuaren portzentaia urtetik urtera murriztuz doa.

Horren ondorioz, egoera berri horri erantzuteko ahalegin guztiak, sistematikoki bere gain gero eta eginkizun gehiago hartzen dituzten langileei egitea egokitzen zaie. Eta langile horiek nekatuta daude hezkuntza-arduradunen utzikeriaz.Zentzu honetan, nabarmendu beharra dago sindikatuen eskaeren helburua ez dela soilik lan baldintzak hobetzea. Aitzitik, aldarrikatzen diren neurriek eskola publikoa eta irakaskuntzaren kalitatea ere hobetzea dute xede. Eskaera horien artean hauek dira azpimarragarrienak:

- figura berriak ezarri: era horretan ikasleek eta gizarteak dituzten beharrei modu egokian erantzun ahal izateko beharrezkoak diren espezialistak eta baliabideak egon daitezen ikastetxeetan.
-irakastorduak (ez lan ordutegia) murriztu 55 urtetik gorakoei; adin horretatik aurrera ikasleekiko arreta zuzeneko ordutegia laburragoa izan dezaten.
- egonkortasun-konpromisoa mantendu.
- ratioak egokitu; talde bakoitzeko irakasle eta langile gehiago eta ikasle gutxiago egon dadin.
- lan-legepeko ordezkoei udako kobraketa onartu.
- suertatzen diren baja guztiak ordezkatu.
- gure ordainsarien erosteko ahalmena mantendu.
- langile finko eta ez finkoen lan baldintzak parekatu.

Eskola Publikoaren kalitatea eta langileen lan baldintzak txanpon bereko bi aldeak direlako, STEE-EILAS, ELA, LAB eta UGT sindikatuek dei egiten diete Irakaskuntza Publikoko langileei deitutako greba-egunetan parte har dezaten.