Irakaskuntza Publikoko ordezkari sindikalen elkarretaratzea Eusko Jaularitzaren egoitzaren aurrean

2006/06/19

Bihar ekainak 21, asteazkena, STEE-EILAS, ELA, LAB eta UGTko ordezkariek, Irakaskuntza Publikoko irakasleen gehiengo zabala ordezkatzen duten sindikatuek, elkarretaratzea egingo dute Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean, hitzarmen berriaren negoziazioan Administrazioak daukan jarrera salatzeko. Jakina denez, negoziazioa etenda dago joan den maiatzaren 18az geroztik.

Horrez gain, ikasturte honetan Tontxu Camposek zuzentzen duen Hezkuntza Sailak irakasleen lan baldintzei eta hezkuntza-sare publikoari zor zaion arretari dagokienez izan duen suspentso nabarmena antzeztuko dute elkarretaratze horretara bildutakoek. Suspentso honek Administrazioa errepikatzera behartuko du eta, negoziazioak era egokian aurrera egin ezean, datorren ikasturteko egoera gatazkatsuagoan gaiztotuko du.

Halaber, kontzentrazio honetan sindikatuetako ordezkariek Hezkuntza Sailari helaraziko dizkiote euren aldarrikapenekin bat egin duten ehunka ikastetxe publikotako klaustroen idatziak.