Irakaskuntza Publikoko ordezkari sindikalen kontzentrazioa Bizkaiko Hezkuntza Ordezkaritzaren aurrean

2006/05/30

STEE-EILAS, ELA, LAB eta UGT sindikatuetako delegatuak, Irakaskuntza Publikoko irakasleen gehiengo zabala ordezkatzen dutenak, Bizkaiko Hezkuntza Ordezkaritzaren aurrean bildu dira gaur lan baldintzak arautuko dituen akordioaren negoziazioan Hezkuntza Sailaren jarrera-aldaketa eskatzeko, eta era horretan gaur egun dagoen blokeo-egoera gainditu ahal izateko.

Maiatzaren 18an negoziazioa eten zenez geroztik, kontzentrazio hau da sindikatuek antolatutako ekintzetatik lehendabizikoa.

Bertara bildutakoek berretsi egin dute sindikatuek egindako aldarrikapenei EAEko Administrazioak emandako erantzuna ez dela nahikoa eta inolako aurrerapausorik ez duela eman funtsezkotzat jotzen dituzten gaietan.

Zentzu honetan, STEE-EILAS, ELA, LAB eta UGT sindikatuek ezinbestekotzat jotzen dituzte, besteak beste, ondoko neurriak:

-

EGONKORTASUNA. Irakasle bitartekoentzako egonkortasun konpromisoa luzatu beharra dago ezinbestez eta, gutxienez, egungo baldintza berdinetan. Egonkor izaeraren funtsa uko ezina birkokatzeko bermea da, baita egonkor izaerari atxikiriko gainontzeko lan-baldintza guztiak ere.

-

55 URTETIK GORAKOENTZAKO LANALDI-MURRIZKETAK. Aurreko akordioan argi eta garbi jasota bazeuden ere, puntu hau, beste batzuk bezalaxe, Hezkuntza Sailak ez du orain arte bete.

-

IRAKASTORDUEN MURRIZKETA, batez ere Haur eta Lehen Hezkuntzan, hau ere aurrekoan hitzartuta eta, berriz ere, bete gabe dagoelako. Baita Bigarren Hezkuntzakoaren berrikuspena ere.

-

RATIOEN JAITSIERAK, bereziki hezkuntza maila, talde eta egoera batzuetan non beharrizan eta zailtasun bereziak azaltzen diren.

-

IRAKASLEAK ZEIN IRAKASLEAK EZ DIREN FIGURA BERRIEN EZARPENA eta hedapena, ikastetxeetan behar-beharrezkoak baitira gaur egungo hezkuntzaren hainbat erronkari aurre egiteko.

-

LANSARIAK. Azken urteotan metaturiko eroste-ahalmenaren galera gainditu beharra dago.

STEE-EILAS, ELA, LAB eta UGT sindikatuek berriz ere premiatu dute Hezkuntza Saila negoziazioa benetako edukiez hornitu dezan eta irakasleen ordezkariek egindako proposamenak kontuan har ditzan. Horrela egin ezean, sindikatuek presio-neurriak hartzen jarraituko dute, beti ere arduratsuki eta irakaskuntza publikoari kalte berezirik eragin gabe. Ildo honetan, gogorarazi dute datorren ekainaren 8rako, osteguna, kontzentrazioak deituta daudela jolas-orduan EAEko ikastetxe publiko guztien aurrean.

Azkenik, jakinarazi dute, lehenago konponbidean sartzen ez bada, gatazkak ezinbestez datorren ikasturtean jarraituko duela eta ziurrenik mobilizazio zabalagoetarako deiak izango direla Administrazioaren jarrera aldarazteko. Horregatik, Administrazioari arduratsuki joka dezan eskatu diote, gorago aipatutako neurrien negoziazioari bide emanez.