Irakaskuntza Publikoko ordezkariek Tontxu Camposekin biltzea exijitzen dute

2007/05/08
Irakaskuntza Publikoko ordezkariek uko egin diote batzorde tekniko batean parte hartzeari, Tontxu Camposekin gaur bertan (maiatzak 8) biltzea exijitu dute eta harekin bildu artean Lakuan geratzea erabaki dute. Une honetan ordezkari hauek Lakuan daude Sailburuaren erantzun baten zain.

Maiatzaren 8an Batzorde Tekniko honetan jorratzeko gaiek bere garrantzia duten arren, EAEko Hezkuntza Publiko ez unibertsitarioan bizi dugun gatazkaren testuinguruan daude kokaturik. Ildo honetan, ELA, STEE-EILAS, LAB eta UGT sindikatuontzat ezinbestekoa da lehenik irakaskuntza publikoko langileriak Hezkuntza Sailarekin duen gatazka gainditzea, gaurko gaiei eta beste hainbati ere behar bezala heltzeko.

Hori dela eta, ez dugu ezer adieraziko bilera honetako gai zerrendan jasota dauden atalei buruz. Aitzitik, Hezkuntza Sailburuarekin, Tontxu Campos jaunarekin, gaur bertan biltzeko beharra aldarrikatu nahi dugu eta honekin batera, orain arte gurekin ez dela batzartu gogorarazi. Izan ere, gatazkak hartu duen dimentsio eta ondorioengatik, berak soilik du ahalmena eta aldi berean, erantzukizun politikoa ere egoera honi konponbidea irekitzeko, irakaskuntzako langileriaren bidezko eskariei euren ordezkari sindikalen bitartez erantzun egokia emanez.

Hezkuntza Sailburuarekin bilera hori gauzatzen ez den bitartean zain geratuko gara. Dena den, Tontxu Campos jauna jotzen dugu arduraduntzat, greben ondorioz hurrengo egunetan ikasleei zein euren familiei sor dakizkiekeen arazoez.