Irakaskuntza Publikoko ordezkarien elkarretaratzea, Administrazioak sektoreko hitzarmenetan agertu duen jarrera salatzeko

2007/05/01
Maiatzaren 3an Irakaskuntza Publikoko ordezkariak elkartu dira 09:00tatik aurrera Donostiako Miramar Jauregian, Gipuzkoako Berriztapen Proiektuen VI. Jardunaldien hasiera-ekitaldian.

Jardunaldi hauen hasiera-ekitaldia goizeko 09:00etarako iragarria zegoen eta bertan Tontxu Campos Hezkuntza Sailburua parte hartzekoa zen, baina bertara bildu direnei esan zaienez, Sailburuak ezin izan du iragarritako orduan iristerik izan (ezta elkarretaratzeak iraun duen bitartean) auto-ilarek sortutako atasko bat dela medio. Horri esker, Hezkuntza Sailak esku artean duen gatazkarik luze eta grinatuena saihestu ahal izan du beste behin Hezkuntza Sailburuak.

Elkarretaratze hau ELA, STEE-EILAS, LAB eta UGT sindikatuek unibertsitatez besteko Irakaskuntza Publikoari dagokion negoziazioaren esparruan Administrazioak inolako urratsik eman ez duela salatzeko gauzatzen ari diren presio-ekitaldietako bat da. Jakina denez, presio-ekitaldi hauen artean azpimarratzekoak dira maiatzaren 15, 16, 17 eta 24an izango diren greba-egunak.


Tontxu Camposen benetako “ataskoa”: ohi duenez, aurpegia ez ematea


Ataskoa. Atasko batek (ustez auto-ilarek sortua) eragotzi dio Tontxu Camposi, aurreikusitako orduan bederen, Gipuzkoako Berrikuntza ProiektuenVI Jardunaldietako hasiera-ekitaldian parte hartzea. Bide batez, auto-ilara hauei esker, akordio berriaren negoziazioan Administrazioak duen jarrera salatzeko sektoreko ordezkariek egin duten elkarretaratzea saihestu ahal izan du, hauteskundeetarako aurre-kanpaina bete-betean.
Hori baita, ez besterik, Tontxu Campos benetan harrapatua daukan ataskoa: lan baldintzak hobetzeko eta eskola publikoa indartzeko EAEko irakaskuntza publikoko langileek egin dituzten aldarrikapenei erantzuteko agertzen ari den ezintasunak sortu duen ataskoa, alegia. Eta atasko horretatik aurpegia ematen baino ez dago irtetzerik.