ZERBITZUAK

“Iraungita edo blokeatuta zeuden 76 hitzarmen sektorialetik 18ra igaro gara”

2025/10/28
“Iraungita edo blokeatuta zeuden 76 hitzarmen sektorialetik 18ra igaro gara”
Ane Alberdi, Zerbitzuak-eko kide iraunkorra eta federazioko idazkari nagusi izateko hautagaia

ELA Zerbitzuak-en Kongresua berezia izango da jende askorentzat, baina, batez ere, Maricruz Elkororentzat eta Ane Alberdirentzat. Maricruz Elkorok federazioko idazkari nagusi kargua utziko du; azarotik aurrera Manu Robles-Arangiz Fundazioan jarraituko du. Bestalde, biltzarkideek hala berresten badute, Ane Alberdi (Antzuola, 1993) izango da federazioko idazkari nagusi berria. Alberdi Zerbitzuak-eko Iraunkorreko kide izan da urte hauetan, eta federazioa indartuta iritsi dela kongresura nabarmentzen du, aurrean dituen erronka ugarien jakitun izan arren.

Nola dator Zerbitzuak kongresu honetara?

Indarberrituta iritsi ginen. Datuek hala erakusten dute. Alde batetik, afiliazioa dago. Azken kongresutik 2.513 afiliatu berriren saldo positiboa dugu. Afiliatu berri horietatik 1.468 emakumeak dira, eta 909 langile migratuak. Datu horrek erakusten du federazioak sektore feminizatuenetan eta prekarioenetan jartzen duela arreta. Azken urteetan sektore horiek biziki landu ditugu, eta horrek emaitzak eman dituela ikusten dugu. Izan ere, Zerbitzuak-en, afiliatutako 30.992 pertsonetatik % 61 emakumeak dira.

Afiliazio berri gehienak, % 60, lau sektoretan biltzen dira: bulegoak, garbiketa, ostalaritza eta merkataritza. Azken hiru sektore horietan ditugu lantaldeak. Horrek erakusten du antolakuntzaren aldetik garatuta gauden eremuetan emaitzak ematen dituen afiliazioa lantzeko sistema dugula. Hori izan behar da bidea. Sektore prekarioenetara iritsi nahi dugu, eta uste dut lortzen ari garela.

Hauteskunde sindikaletan ere balantzea ona da. Gora egin dugu kongresu arteko aldi honetan, eta % 34,34ko ordezkaritza dugu Hego Euskal Herrian. Horrek 0,73 puntuko igoera erakusten du. Aurreko kongresuan baino 329 ordezkari gehiago ditugu. Horrelako ezer ez litzateke posible izango antolaketarik gabe. Horri dagokionez urrats esanguratsuak eman ditugu, eta gaur egun ia 100 pertsona ditugu liberatuta federazioan. Jakina, erronka erakundea indartzen jarraitzea da.

Indartuta iristsi garela erakusten duen hirugarren zutabea negoziazio kolektiboa da. Gai honetan oso egoera konprometituan iritsi ginen azken kongresura, iraungita edo blokeatuta zeuden 76 hitzarmen sektorialekin. Egoerari buelta ematea lortu dugu, negoziazio bateratuan ia erabateko desblokeoari esker. Gaur egun 18 hitzarmen sektorial daude iraungita edo blokeatuta, esan dugun bezala, duela hiru urte eta erdi 76 zirenean.

Nola izan da posible?

Gure antolaketa ereduari eman diogun bultzada azpimarratuko nuke, lantaldeen garrantziarekin eta horiek negoziazio kolektiboan izan duten dinamikarekin. Lan honek egin ditugun mobilizazioak eta grebak bultzatzea ekarri du. 16 greba sektorial eta lantoki edo enpresa mailako 105 greba deitu ditugu. Horrek erakusten du aurreko kongresutik oso garai bizia eta nahasia bizi izan dugula negoziazio kolektiboari dagokionez.

Baina, duela lau urte baino askoz hobeto egon arren, erronka berriak ditugu datozen urteei begira. Lan errealitate berriei erantzun behar diegu eta sektore horiek antolatu. Adibidez, plataforma digitalez edo telelanaren ehuneko handia duten sektoreez ari naiz. Sektore horiek antolatzea erronka izugarria da, baina ezinbestekoa da.

Nabarmendu nahi dudan beste erronka iraganean tronkalak ziren eta berriro tronkalak izan behar duten kanpainak eta helburuak dira. Negoziazio kolektiboaren erdigunean jarri behar ditugu berriro Jai egunetan denok jai bezalako dinamikak edo soldata arrakalarekin erlazionatutako ekimenak. Bi gai hauetan uste dut autokritika pixka bat egin behar dugula, berriro bultzatu behar diren bi puntu dira.

Kongresuan bost ebazpen eztabaidatu eta bozkatuko dira. Zer nabarmenduko zenuke ebazpen horietatik?

Kongresua antolatzen hasi ginenean, argi izan genuen hiru ideia nagusi egon behar zirela: berdintasuna, antolaketa eta nola irabazi negoziazio kolektiboan. Bost ebazpenak erronka horiei erantzuten saiatzen dira. Nola antolatu behar dugu geure burua berdintasuna lortzeko eta denok irabazteko?

Errealitate berriak ditugu lan munduan, ofentsiba kapitalista handia jasaten ari gara, olatu faxista eta erreakzionarioa dago... Langile klaseak pairatzen dituen errealitateak dira, eta horri aurre egiteko antolatu egin behar gara. Horrela bakarrik hobetu ahal izango ditugu langile klasearen lan eta bizi baldintzak. Ez dago besterik. Testuinguru honetan berdintasunaren kontzeptua azpimarratu nahi dugu, esanahi zabalagoa eman nahi diogu. Orain arte, termino hori batez ere genero-zapalkuntzarekin lotu izan dugu.

Ahalegin handia egin dugu alboetan zeuden langile horiek guztiak sartzeko, haiekin lan egiteko, politizatzeko, kultura antifaxista sustatzeko... Ahalegin handia egin dugu migratutako pertsonak erakundearen, negoziazio kolektiboaren, erdigunean sartzeko. Baina orain beste aurrerapauso bat eman behar dugu eta oraindik hobeto antolatu behar gara, antolaketa ezinbestekoa baita langile guztiengana eta lantoki guztietara iritsi ahal izateko.

Eta, aldi berean, hobeto antolatu behar dugu, negoziazio kolektiboa hobeto prestatzeko. Nire ustez, azken urteotan aurrerapausoak eman ditugu norabide onean, baina urrats gehiago ematen jarraitu behar dugu, oraindik bete gabe dauden erronkak ditugulako, estatalizazioa adibidez. Estatalizazioa ez da mehatxua, errealitatea da. Eta errealitate hori antolakuntzarekin eta negoziazio kolektiboarekin bakarrik gelditu ahal izango dugu.

Eta zeintzuk izango dira etorkizuneko negoziazio kolektiboaren gakoak?

Gure ibilbide orria daukagu, adibidez, hileko 1.600 euroko soldatan dagoen marra gorria. Kongresuak hala onartzen badu, marra gorria hau izango da: hilean 1.600 euroko gutxieneko soldata jasotzen duten akordioak baino ez ditugu sinatuko.

Horrek bultzada nabarmena emango lioke, batez ere, egoera prekarioagoan dauden langileei. Duela urte batzuk 1.200 eurotan jarri genuen listoia, gero 1.400 eurotan. Orain apustua 1.600ean jartzea da. Ez da bakarra, baina aberastasunaren banaketa justuagoa lortzeko modu bat da.