Iribas gezurretan ari zen: ez da kontserbatorioko oposiziorik egongo Iruñean
Nafarroako komunikabide bati emandako elkarrizketan, Iribas kontseilariak Goi-Mailako Kontserbatoriorako oposizioak deituko zituela iragarri zuen. ELAk, kontseilariaren hitzak iruzur hutsa direla salatzen du; izan ere, ez da funtzionario kopurua inondik ere igoko.
Aipatu elkarrizketan Iribasek ez zuen esan, Goi Mailako kontserbatoriorako sarbidea ez dela irekia izango. Bertan parte hartu ahal izateko baldintzen artean zortzi urtez karrerako funtzionario izatea ezinbestekoa da. Hortaz, ez da inondik ere lanpostu berririk sortuko.
ELAk askotan salatu izan du, Goi-Mailako kontserbatorioko irakasleriaren gehiengoa ez dela bertako plantillakoa baizik eta interinoa edo zerbitzu komisio baten bidez izendatutako jendea. Horregatik, ELAk positiboki baloratzen du, zerbitzu komisioen bidea alde batera utzi izana eta lehiaketa baten bidez lanpostu horiek horni daitezen.
Edozein kasutan, Iribasek ezingo du izkutatu bi kontserbatorioetako langileen ehuneko 65ari ez zaiola aukerarik emanen funtzionario izateko. Egun lanean dauden 160 irakasleetatik ehun interinoak baitira.
Azkenik ere, ELAk Hezkuntza Departamentuari exijitzen dio benetazko oposizioak dei ditzala interino kopurua jeitsi ahal izateko.