Iruñeako La Moreako H&M dendako langileek 38 egun daramatzate greban

2023/01/16
Enpresak dibidenduetan 20 milioi euro banatu dituen bitartean, langile gehienek hilean 500 euro kobratzen dituzte eta soldata izoztuta dute 2009tik.

La Morea merkataritza guneko H&M dendan 18 langile daude, ELAko ordezkari batek ordezkatuta. 8k bakarrik dute lanaldi osoa, eta gainerakoetatik gehienek lanaldi erdian egiten dute lan. Lanaldi osoa dutenen soldata 1.000 euro ingurukoa da, eta gainerakoek, beraz, 500 euro inguru irabazten dute hilean. Azken urteotan erosteko ahalmenaren %20 baino gehiago galdu dute, soldata izoztuta baitute 2009tik.

Langileak greban daude abenduaren 9tik euren lan baldintzak hobetzeko. Aldarrikapen nagusiak honako hauek dira: soldatak hobetzea, igande eta jaiegunetan irekitzearen aurkako neurriak hartzea, partzialtasuna murrizteko benetan lan egiten diren lanaldiak finkatzea eta online salmentak lanposturik ez suntsitzeko bermeak ezartzea.

Enpresak 2020tik 2021era bitartean 822 milioi euro fakturatu ditu eta 20 milioi euro dibidenduetan banatu dizkie akziodunei. Horregatik, langileek grebarekin eta mobilizazioekin jarraituko dute enpresa hitzarmen bat negoziatzera behartzeko.