Etxebizitza
Iruñean ez dago etxebizitzarik alokatzeko 600 euro baino gutxiagotan, batez besteko soldataren %30

Etxebizitza eskuratzeko arazoa, konpondu beharrean, okertu egin da. Horren erakusle dira erosketa eta alokairu prezioen gorakada, burbuila berri bat bizitzen ari garela logelen alokairuarekin, azken 10 urteetan 3.500 etxegabetze izan direla, turistifikazio arazoa gero eta handiagoa dela edo etxerik gabeko pertsonen kopuruak goraka jarraitzen duela. ELAren Azterketa Bulegoak egindako dokumentuan arazo hauek denak aztertzeaz gain, proposamen zehatzak ere jasotzen dira.
Imanol Pascualek, Nafarroako ELAko Koordinatzaileak, adierazi du Espainiako Estatuko etxebizitza lege berria eta Nafarroako legea merkatu logikaren barruan daudela eta ez dutela etxebizitza izateko eskubide subjektiboa bermatzen. Neurri hauek ez dira nahikoak gero eta arazo handiagoa suposatzen duen honetarako, ziurtatu du Pascualek. Alokairuen igoera mugatzen da, baina horrek ia ez du eraginik izango sekula baino handiagoak diren prezioetan. Gainera etxebizitzara bideratzen diren errekurtsoak guztiz eskasak dira, Nafarroako Gobernuak soilik BPGaren %0,29 bideratzen du.
Hipotekak, 3.500 euro garestiago
Aitor Murgiak, dosierraren egileak, nabarmendu du Hego Euskal Herriko hiriburuak Espainiako hamar garestienen artean daudela, eta Iruña zortzigarren postuan dagoela: 2.355 euroko prezioa du batez beste metro karratuko. Horri gehitzen bazaio Europako Banku Zentrala interes tasak igotzeko egiten ari den politika (% 4ra igo berri du), batez besteko hipoteka 3.500 euro garestitu daiteke urtean.
Murgiak adierazi du alokairuaren prezioak etengabe igotzen ari direla eta pertsonek gero eta ahalegin handiagoa egin behar dutela etxebizitza bat alokatzeko. Ez dago aukerarik pisu bat alokatzeko Iruñean batez besteko soldataren %30a bideratuta. Ezintasun horren aurrean, emantzipatzeko aukera bakarra, bereziki gazteentzat eta migratzaileentzat, etxebizitza partekatzea da. Alokairuko etxebizitzen eskaintza urria eta logelak alokatzeko eskaera handiagoa denez, prezioak hileko 1.000 eurotik gorakoak dira kasu askotan. Nafarroan, gazte emantzipatuen ehunekoa 2013an % 22,4koa zen, eta 2021ean, berriz, % 13,8koa. Ez da harritzekoa gazteen emantzipazio adina ia 30 urtetakoa izatea.
Bestalde, Saioa Urriza Eskualde Arduradunak salatu du 24.500 etxebizitza hutsik dauden bitartean, askok ezin dutela emantzipatu edo etxebizitza bat eskuratu. Nabarmendu duenez, lau aldiz etxebizitza huts gehiago daude alokairu sozialera bideratutako etxebizitzak baino. Beste gai bat etxegabetzeena izan da, azken hamarkadan 3.500 kasu baino gehiago izan dira. Hala ere, komunikabideek nahiago dute okupazioaren gaiari heldu. Okupazioak, batez ere bortxatz egindako delituak, guztiz hondarreko arazoa dira Nafarroan. Urrizak turistifikazioaren arazoaz ere hitz egin du, baita etxerik gabeko pertsonez ere: azken hamar urteetan bikoiztu egin da etxerik ez duten pertsonen kopurua, eta Nafarroa da etxerik gabeko pertsonen tasa handiena duen bigarren erkidegoa, EAEren atzetik soilik.
ELAk egindako proposamenen arabera, legez bermatu behar da etxebizitzarako eskubide subjektiboa, alokairua bultzatu behar da salerosketa ereduaren aurrean, alokairuaren prezioak mugatu behar dira, hutsik dauden etxebizitzak alokairura bideratu behar dira, etxegabetzeak geldiarazi behar dira, etxebizitza turistikoak mugatu eta kontrolatu behar dira, eta etxebizitzako gastu publikoa % 2ra igo behar da.