kontziliaziorako eskubidea

Iruñeko udaletxea garbitzen duen Limpiezas Brócoli enpresa langile batek epaian aitortua duen kontziliaziorako eskubidea urratzen ari da

2024/12/09
Enpresako langileek elkarretaratzea egin dute gaur Iruñeko udaletxearen aurrean, Iruñeko udala baita enpresako bezero nagusia, batzorde osoak deituta, kontziliazioa pribilegio bat ez dela eta eskubide bat dela salatzeko.

ELAren zerbitzu juridikoak epaia irabazi zuen 2023ko maiatzean (irmoa da). Epai horren arabera, enpresak langile baten lan ordutegia egokitu behar zuen lana eta familiaren zaintza uztartu ahal izateko. Enpresak ez zuenez bere betebeharra bete, eta ez zuenez ordutegia zehaztu epaiak ezartzen duen bezala, 2024ko irailean epaitegiaren bidez eskatu zen hura betearazteko. Baina enpresak bere betebeharra urratzen jarraitzen du.

Egoera honen aurrean, Iruñeko Udaletxea garbitzen duen Limpiezas Brócoli enpresako langileek elkarretaratzea egin dute gaur Iruñeko Udaletxeko plazan egoera salatzeko, "kontziliazioa eskubidea da, ez pribilegioa" lelopean. Elkarretaratzea ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek osatutako enpresa batzordeak egindakoa da.

ELAk enpresako zuzendaritzaren jarrera salatu du, epaian aitortutako kontziliazio eskubidea behin eta berriz urratzen ari delako, eta ohartarazi du bere esku dagoen guztia egingo duela langilearen kontziliazio eskubidea gauzatu arte.