Irungo emakume garbitzaileak, lan baldintzak negoziatzeko eskubidearen alde

2006/02/22

Irungo garbitzaileen asanbladak, ikasle, guraso elkarte eta hiriko hainbat taldek kontzentrazioa egingo dute otsailaren 22an zerbitzu publiko eta kalitatezko baten alde. Kontzentrazioa 19:00tan izango da, San Juan Plazan. ELA-Zerbitzuak idatzi hau kaleratu du, greban dauden langileei elkartasuna adieraziz.

Lan baldintza duinak izateko negoziatzen hastea ezinbestekoa da, langile guztiok aldarrikatzen dugun eskubidea, alegia. Halere, zailtasunez eta trabaz beteriko bidea izan ohi da. Irungo emakume garbitzaileak ondo baino hobeto ezagutzen dute ibilbide latz hori. Hiriko udal eraikinak garbitzen dituzten Eulen eta Clece entrepresetako 58 bat emakumek greba mugagabean dihardute urtarrilaren bukaeratik. Langile hauek udaletxeak azpikontrataturik eta lan-baldintza desegokietan lan egiten dutela salatzen dute. Aldarrikapenetako bat euren soldatak funtzionarien soldatekin parekatzea da. Izan ere, lan berdina egitearren, funtzionariek baino %35 gutxiago kobratzen dute. Ez da lehenengo aldia udal arduradunekin hitz egiteko eta lan baldintzak negoziatzen hasteko eskaera egiten dutena. Oraingoz, baina, ez dago inolako aurrerapausorik.

Udal-Gobernuak ateak ixten ditu langileen baldintzak negoziatzerakoan. Eulen eta Clece entrepresak omen dira langileen aldarrikapenak kudeatu behar dituztenak. Pilota teilatu batetik bestera pasatzen dute, ardurak eta erantzukizunak arbuiatu.

ELA Sindikatuko Genero Politiken alorretik emakume garbitzaileen defentsan dihardugu. Argi daukagu gatazka honen atzean IrungoUdaletxearen erabaki politikoa dagoela, garbiketa zerbitzuen gestioa pribatizatzearen aldeko apustu garbia egiten dela. Udalak kontratatzen dituen langileek baino soldata baxuagoak izateaz gain, lan baldintza okerragoetan lan egitera derrigortuta daude. Askok lanaldi partziala dute eta behin-behineko langileei inork ez die bermatzen etorkizunean kontratu finkoa izango dutenik. Pribatizazioaren ondorio latzena: diskriminazioa.

Greba bere laugarren astean dago, eta bitartean zikinkeria Irungo txoko ugaritan pilatzen da. Garbitasun faltak aztoratuta ditu hiritarrak baina ez gaitzala inork engainatu. Erantzukizuna udalarena da. Diskriminazio egoerak ezarri eta negoziatzen hasteari entzungor egiten dio behin eta berriz.

Injustizia honen aurrean, ELA Sindikatutik langileei gure babesa erakutsi nahi diegu. Negoziatzeko eskubidea bermatu dadin eta zerbitzu publiko eta kalitatezko baten alde gaur, 19:00etan, San Juan Enparantzan elkarretaratzea egingo dugu. Garbitzaileen asanblada, ikasle, guraso elkartea eta hiriko taldeak izango gara bertan. Eutsi goiari!