Isabel II.aren heriotzaren jarraipen neurrigabea eta akritikoa salatu du ELAren EITBko atal sindikalak

2022/09/21
EITBko ELAren atal sindikalak salatu du Isabel II.aren heriotzari buruzko jarraipena neurrigabea eta zentzugabea izan dela: EITBk monarkia goraipatu du inolako kontrapuntu kritikorik gabe, are larriagoa da halako erakunde zaharkitu, ustel eta antidemokratiko batek gure gizartean ia inolako babesik ez duenean. EITBren jarraipenak monarkia zuritu du, miresmenezko kontakizun akritiko hutsarekin.

EITBko ELAren atalak azpimarratu du edukiak arinak, mamirik gabekoak eta errepikakorrak izan direla, prentsa arrosaren tankerakoak, herritarrentzat inolako analisi baliotsu edo interesgarririk egin gabe.

Argi dago Isabel II.a pertsonaje historikoa zela, eta haren heriotzak bere garrantziaren araberako jarraipen informatiboa eskatzen zuela, baina ez zuen inola ere merezi egindako jarraipena: adibidez, ETBren kasuan, ohiko berriemaileari bi aurkzele eta bi kazetari gehitu zaizkie, azken horiek, gainera, bi aldiz bidaiatu dute Erresuma Batura. Gainera, albistegietako minutajea guztiz neurrigabea izan da, 20 minutu baino gehiagoko tarteekin.

Horregatik guztiagatik, EITBk huts egin du zerbitzu publiko gisa euskal herritarren aurrean duen erantzukizunean.