Isaias Carrascoren hilketa salatzeko kontzentrazioa Arrasaten

2008/03/10
Ehunka lagunek parte hartu dute ELAk Isaias Carrascoren hilketa salatzeko Arrasaten deitutako bilkuran. Bilkuraren ostean ondorengo komunikatua irakurri da.

ETAk, su-etena bukatu zenetik, beste heriotza eragin du. Oraingoan Arrasaten. Ozen eta garbi adierazi nahi dugu samina eta sufrimendua sortu duen erailketa hau gaitzesten dugula.

-Lehenengoz, berriro helarazi nahi diegu familiari, senitartekoei eta Alderdi Sozialista eta UGT-ri gure doluminak eta elkartasunezko mezua.

-Herritarrak bizikidetzarako dugun eskubidearen oinarriak bertan behera utzi ditu ekimen honek, beste behin.

-Gure herriaren  erabakitzeko eskubidea bortizkeriarik gabe bideratu beharra dago eta horregatik ETA soberan dago eta bere estrategiak bukatu beharra duela diogu.
Indarkeria eta bortizkeriak ez dute lekurik gurean eta oztopo bilakatzen dira egoera hau aldatu nahi dugunontzat.

-Hemen gauden langile eta lankide guztiak, denak kolpatu gaitu Isaiasen erailketak. Argi dugu, ordea, bide honetatik ez dugula ezer aurreratuko. Elkarrizketa eta bide politikoak dira jorratu beharreko eremu bakarrak. Eta horretarako jendartea konbentzitu beharra dago eta ez bortxatu.

Horregatik bildu gara Arrasaten. Isaias Carrascori agurra emateko eta armarik gabeko prozesu zibil eta demokratikoa  exijitzeko.