ISN enpresak VWeko garbitzaileen lan baldintzak okertu ditu LABek eta Solidarik lortutako akordioarekin

ISNk eta bere plantillak enpresa-itun bat zuten sinatuta, non adostu baitzuten bere garaian 2022ko soldata-igoera PIC + % 0,5 izango zela. Enpresak, alde bakarrez eta inolako justifikaziorik aurkeztu gabe, sinatutakoa ez betetzea eta 2022an langileen soldatak ez igotzea erabaki zuen, nahiz eta % 7 igotzera behartuta egon.
Ez-betetze horren ondorioz, enpresa-batzordeak, LABeko 5 ordezkarik, CCOOko 2k, ELAko batek eta Solidariko batek osatutakoak, greba mugagabea deitu zuen 2022ko martxoaren 2tik aurrera. Grebaren bezperan, garbiketen sektorean ohitura bat izaten hasi zena, LABek eta Solidarik akordio batera iritsi dira enpresarekin, eta horrek greba bertan behera uzten du, eta langileek hitzartutako baldintzak murriztea dakar.
Horrela, 2022an soldatak % 5 igoko dira, itundutako % 7aren ordez, eta, gainera, beste urtebetez luzatuko da enpresa-itunaren indarraldia, non langileen erosteko ahalmena ere ez den bermatzen. LAbek eta Solidarik sinatutako akordioaren arabera, 2023ko soldatak % 2 igoko dira. Horri gehituko zaio beste % 1a, (KPIa % 4tik beherakoa bada), edo % 2 (prezioak % 4tik gorakoak badira). Hau da, asko jota, soldatak % 4 igoko dira (baina aurtengo KPIa % 7ra iritsi da dagoeneko).
ELAk akordio hori kritikatu du, eta azaldu ezinezkotzat jo du aurretik adostutako baldintzak defendatzeko langileei deitu zitzaien greba mugagabearen bezperan egitea. LABek eta Solidarik, ISNn, sektoreko hitzarmenean hainbeste kritikatu zuten gauza bera egin dute azkenean, CCOOk eta UGTk patronalarekin akordioa lortu baitzuten deitutako grebaren bezperan. Gogoan izan behar da orduan langileei saltzeko kalifikazioa eman zitzaiela sinatzaileei.
ELAren iritziz, ezin da azaldu, halaber, lortutako akordioak ez duela blindaje-mekanismorik aurreikusten enpresaren balizko ez-betetze berri baten aurrean. ISNk badaki nahikoa dela hitzartutakoa ez betetzea komitearen gehiengoak beheranzko beste akordio bat sinatzeko. Ez da oso sinesgarria benetako praktika sindikal horren aurrean batzuek erakusten duten diskurtso borrokalaria.
Azkenik, ELAk deitoratu egin du lortutako akordioa, eta berretsi egin du enpresa-batzordean une oro izan duen jarrera: itundutakoa osorik betetzea eta plantillaren lan-baldintzak defendatzea.