Isolux-en erregulazio-espedientea bankuen kontura

2016/10/25
Irailaren 30ean Isolux Corsan Taldeak beste EEE bat negoziatzeari ekin zion. Oraingo honetan 531 lankide geratuko dira erregulaziopean (estatu-iparraldeko eraikuntza-plantillaren %50etik gora) taldeko hiru enpresatan, eta azaldu diren arrazoiak ekonomiaren, ekoizpenaren eta antolamenduaren arlokoak dira.

Orain arte zenbait bilera eginak ditugu, eta kontsulta-aldia amaitzear dagoen une honetan gezurtatuz joan dira, bata bestearen atzetik, enpresak, neurria zuritzeko, erabili dituen argudioak eta txostenak. Azkenean argi ikusi da benetako arazoa Zuzendaritzaren finantza-arloko kudeaketa txarra izan dela.

Langileentzat ez da ulergarria anabas-egoeraren errudun nagusiak nork bere postuan jarraitzea, arriskutik kanpo; eta bitartean konpainian geratzen den balio bakarra —giza baliabideak— hondatuz joatea.

Zuzendaritzak ez du onartzen bere erantzukizuna, eta egoera lehengoratzeko egin duen gauza bakarra aulkiak elkarri trukatzea izan da; horrela beren status-ari eutsi diote, eta sakelak betetzen jarraituko dute plantillaren kontura, horrelako kasuetan gertatu ohi den bezala.

Ondorioa hauxe dugu: bankuek, konpainiaren ia zor guztiaren jabe izanik, enpresa itxuraldatu nahi dute, 531 lanpostu suntsituz, gero eroslerik onenari saltzeko.

Isolux Corsan Taldearen asmoa kaleratze kolektibo merke-merkea egitea da, lan-erreformaz baliatuz, eta zuzendaritzakoei diru-mordo ederrak ordaintzea. Prozesu mingarri horri ekin baino lehen ez dira kontuan hartu langileen eskubideak, eta ez da aztertu ea bestelako modurik dagoen, ez horren traumatikoa, atakatik ateratzeko

Beraz, ELAtik gure erabateko gaitzespena agertzen diegu enpresaren neurriei, desegokiak, bidegabeak eta neurrigabeak direlakoan.