Itsasoak 700 pertsona eta oinarrizko giza-eskubideak irentsi ditu

2015/04/21
XXI. mendea aurrera doala ere, amorruz ikusten ari gara esklabutza garaien pareko tragediak gertatzen direla Mediterraneo itsasoan. Egunotan badirudi alarmak piztu direla Europar Batasunean Libiako kostaldetik gertu itsasontzi bat urperatu eta 700 pertsona ito direlako.

Haatik, antza eskandalua ez da hain handia, planeta honetan bizitza guztiak ez baitute balio bera (areago europar ez bazara), eta kontinente zaharrak bere erantzukizuna baztertu nahi du bere mugetan gertatzen den milaka gizon eta emakumeren saihesteko moduko heriotza indiskriminatuaren aurrean.

ELAk bat egin du katastrofe honen salaketa kolektiboarekin; gainera, egoera larri honi aurre egiteko erakundeek hartu nahi dituzten erabakiek arrisku handia dutela ere ohartarazi nahi du.

Europar Batasuneko goi-agintariek eta haren kide diren estatuetako ordezkariek setaz jarraitzen dute lehengoko ildotik: behartutako exodo honen ondorioei aurre egin nahi diete, egoeraren zergatiak eta ertz anitzak aintzat hartu gabe. Esaterako, dei-efektuaren ustezko arriskuaz ohartarazten dute (Espainiako Barne Ministroaren, Jorge Fernández Diezen hitzetan), eta arduradun batzuk migrante eta errefuxiatuak Europaratzea galarazi nahi dute, kosta ahala kosta. Zeuta eta Melillako kontzertinazko hesiak dira oinarrizko giza-eskubideak mugatu eta murrizteko politikaren zorigaiztoko sinboloa.

Horrenbestez, EBko migrazio-politikaren printzipio adierazpena pertsona eta mugen kontrol zein segurtasunean agortzen da. Gotorleku europarrak horrela behartutako migrazioa eta muturreko bizi-egoerak kriminalizatu eta estigmatizatzea sustatzen du.

Alderantzira dagoen mundu honetan neokolonialismoa oraindik indarrean dago, eta agian horrexegatik kostatzen zaio europar komunitateari injustizia izugarri horretan duen erantzukizuna bere gain hartzea. Nonbait behialako eskubideen eta askatasunen Europa hura gero eta atzerago ari gara uzten; gaurkoa, berriz, ez da migrazio-genozidioari aurre egiteko gauza.