Itunpeko irakaskuntzako ordezkarien elkarretaratzea

2008/10/09
Itunpeko Irakaskuntzako 150 delegatu inguru elkarretaratu dira urriaren 9an Eusko Jaurlaritzak Gasteizen duen egoitzaren ateetan helburu argi batekin, sektorearen finantzazioaren gehikuntzak Itunpeko Irakaskuntzako langileriaren lan baldintzak hobetzeko balio izan dezan Administrazioari exijitzeko, alegia. Homologaziorik gabe ez da posible izango inongo akordiotara iristerik eta mobilizazioak gogortzen joango dira.

ELA eta LABek, Ikastoletako sektorean eta Ekimen Sozialeko Ikastetxeetako (Itunpeko Sarean) sindikatu nagusi garenok, aipatu sareko langileriaren lan baldintzen hobetzea ahalbidetuko lukeen Finantzazio Akordio berri bat exijitzen diogu Eusko Jaurlaritzari. Aldaketa hori eman ostean soilik ekin ahal izango diogu, Negoziazio Kolektiboaren bidetik, hain garrantzitsu diren lanaldi lektiboa eta lansarien gaiak aztertzeari.

Begi-bistakoa da egungo markoa, itunpeko zentroetako finantziazio eredua oinarri hartzen duela, ez dela inondik ere nahikoa itunpeko sareko langileriaren gaurko eta etorkizuneko beharrei aurre egiteko. 2005ean ere hala adierazi genuen: “92ko markoa agortuta dago”.

ELAk, Gizarte Ekimeneko Ikastetxeetako sektorean %61eko ordezkaritza du, eta LABek, %60koa Ikastoletan. Ikastolei gagozkiola, ELA eta LABen artean %100eko ordezkaritza osatzen dute, eta Ekimen Sozialeko Ikastetxetan, %66,13koa. Itunpeko ikastetxe guztiak kontutan hartuta %83koa da ordezkaritza.

ELArentzat eta LABentzat akordio berri baten oinarrizko ildoak 2005ean sindikatuok eta Ikastolen sektoreko Patronalek (Partaide eta EIB) sinatutako “Dedikazio Akordioa” delakoan daude bilduta.

Gure ikuspegitik, “Dedikazio Akordioak” finantziazio akordio berri batek nahitaez jaso beharko lituzkeen bi alde azpimarratzen ditu. Alde batetik Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren menpeko langileriarekiko lansarien berdintzea, (bai irakasleriarentzat eta baita zerbitzu eta administrazioko langileriarentzat ere), eta bestetik, lanaldi lektiboaren murrizketari dagokiona. Ondorioz, gaur egun kontzertuetako moduluan sartzen diren funtzio eta jarduerez gain tutoretza, orientazioa, indartze linguistikoa,... bezalakoak ere barneratu beharko lirateke.

Patronalak (KRISTAU ESKOLA eta PARTAIDE) eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila negoziazio prozesuan daude. Baina Hezkuntza Administrazioak akordioa negoziatzeko helburuarekin ez du inolako harremanik izan orain arte ez ELArekin ez eta LABekin ere. Eta hori ezinbestekotzat jotzen dugun baldintza da.