Itxialdia Gasteizko Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzan

2006/10/17
Euskal irakaskuntza publikoko ELA, STEE-EILAS, LAB eta FETE-UGT sindikatuetako 100 bat ordezkarik itxialdia burutu dugu gaur, urriaren 18an, Gasteizko Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzan.
Hau da ELA, STEE-EILAS, ELAB eta FETE-UGT sindikatuetako ordezkariek itxialdiaren zergatia azaltzeko argitaratu duten idatzia.

Ikastetxe publikoetan lanean diharduten sektore ezberdinetako langileen hitzarmen kolektiboen negoziazioen inguruan sorturiko gatazkan bilatu behar dira protesta honen arrazoiak, irakasleak, lan-legepeko langile hezitzaileak zein sukalde eta garbiketako langileen lan-baldintzak arautzen dituztenak, jakina. Administrazioa eta alde sindikalaren arteko bilerak 2003tik ari dira egiten, orain arte gutxieneko adostasunetara ere iritsi gabe. Hau dela eta, joan den ikasturtearen azken hiruhilekoan zehar lau sindikatu hauek negoziazio mahaietatik altxatu eta protesta ekimen batzuk burutu egin genituen, Hezkuntza Sailaren jarrera erabat itxiaren kontrako presio neurri gisa. Beronen arduradunek ez diete bakarrik alde sozial honentzat funtsezkoak diren gai guztiei ezetza borobila ematen, baizik eta proposamen guztiz atzerakoiak eta, beraz, erabat onartezinak ere aurkeztu egiten dizkigu.

Gauzak horrela, STEE-EILAS, ELA, LAB eta FETE-UGT sindikatuek osaturiko gehiengo sindikal zabalaren oinarrizko aldarrikapenen inguruko ekimenen aurrean (irakasle bitartekoentzako egonkortasun konpromezuari eustea, 55 urtetik gorakoentzako lanaldi murrizketak, urte luzeotan galdutako soldaten eroste-ahalmenaren berreskurapena, lan zama eta ratioen jaitsierak, ikastetxeetan beharrezkoak diren figura profesional berrien kontratazioa, erretirorako guztion berdintasuna, lan-legepeko hezitzaile ordezkoei uda ordaintzea, administrazioko maila berekoekin sukalde eta garbiketako langileak parekatzea,…), Hezkuntza Sailaren erantzun bakarra harrokeriaz beteriko ezetza baino ez da. Ez bada, are txarrago, aldebakarreko bere erabakien inposaketa hutsa: inongo abal sindikalik gabeko oposizioen deialdiak, irakasle bitartekoen egonkortasun konpromezua bertan behera uztea ala ikasgela zein zerbitzu batzuetako ratioen igoerak bezalakoak. Esan beharra dago, gainera, gai hauetako batzuk jasota zeudela jada aurreko akordioetan, baina orduan sinatu ondoren hezkuntza administrazioak, halere, betetzeari behin eta berriz egin dio uko.

Bi urte luzez alferrikako bileretan aritu ondoren, egoera berbideratzeko Hezkuntza Sailburuari berari behin baino gehiagotan eskatu eta gero (urriaren 2an, hain zuzen ere, azkeneko aldiz), eta guztietan bere aldetik inolako erantzunik jaso ez dugula ikusita, lau sindikatu hauetako bat bera ere ez dago prest administrazioak gure lan-baldintzetan inposatu nahi dituen murrizketak onartzeko. Aurrekoekin, orain daukagunekin konparatuz, langileok ere ez dugu lan-hitzarmen atzerakorrik inola ere onartuko. Gaurko ekimen honen bidez, beraz, langileen ordezkari sindikalok joan den ikasturte amaierako presioa areagotu egiten dugu, eta hasiera ere ematen diogu mobilizazio egitarau zabalago bati, ikastetxe guztietara eta ikastetxeetako langile guztiengana hedatuko dena. Hezkuntza Sailaren jarreran aldaketa sakonik ondorengo egunetan ez badugu ikusten, lanuzteak ere konbokatuko ditugu. Presio neurrietan jarraituko dugu gure funtsezko eskaerak onartuak izan arte, eta honen guztiaren ondorio txarren erantzukizuna Hezkuntza Sailari bakarrik exigitu beharko zaio.