Itzarri BGAEan soldata murrizketei eusten die Eusko Jaurlaritzak

Itzarri Eusko Jaurlaritzako eta beronen erakunde autonomoetako (Osakidetza, hezkuntza, Ertzaintza, EITB, etab.) langileen enpleguko BGAEa da, eta, ELAk askotan salatu duenez, Eusko Jaurlaritzak ez ditu Itzarrirako ekarpenak osorik egiten, horretarako inolako eragozpenik ez dagoen arren. Urte hauetan Eusko Jaurlaritzak sistematikoki ez du bete langileei emandako hitza, hau da, urtean Itzarrira soldataren %3aren ekarpena egiteko konpromisoa. Horrela, pandemiaren kudeaketan langile publikoak dena ematen ari diren bitartean, Eusko Jaurlaritzak murrizketapolitikari eusteko borondate irmoa erakutsi du, eta bere langileen kontura diru publikoa aurrezten ari da.
Gaur izan den ITZARRIren urteko batzarrean, Eusko Jaurlaritzak bereari eutsio dio: ez ditu ekarpenak osorik egingo, eta ez dauka inolako asmorik 2013tik aurrera langileei Lan Hitzarmenaren edota akordio arautzailearen arabera zegokiena itzultzeko. Jarrera horrekin agerian utzi du ez daukala ezarritako murrizketen ondorioak konpontzeko borondaterik eta diru publikoa aurreztu nahi duela bere langileen kontura. Jaurlaritzak erabaki du aurten Itzarrirako %2 ko ekarpena egingo duela, eta, hortaz, aportazioetan % 33 ko murrizketa egingo du. ELAk batzarrean adierazi du “oraingoan ere Eusko Jaurlaritzak alde bakarreko erabakiak hartu ditu, negoziazio kolektiboaren baitan hartutako betekizunak alde batera utzita, langile publikoen eskubideak gutxietsi eta bere jarrera antidemokratikoa agerian utzi du”. Jaurlaritzak ezin du langile publikoen diruaz baliatu aurrekontua orekatzeko edota beste lehentasun politiko batzuk betetzeko. Ekarpena egin daitekeela aitortu eta osorik ez egitean negoziazio kolektiboko betebeharrak urratzeaz gainera, bereak ez diren baliabide ekonomiko batzuk erabiltzen ari da. ELAk Eusko Jaurlaritzari galdegin dio ekarpenak osorik egin ditzala eta 2013tik hona zorretan dauden zenbatekoak kita ditzala.
ELAk azpimarratu nahi du murrizketa honen leheneratzea lortzeko borrokatzen jarraituko duela, kaltetutako esparru guztietan, eskura dituen tresna guztiekin. ELAk dei egiten die murrizketa honek kaltetutako langile guztiei beren eskubideen alde mobiliza daitezen, baita murrizketa guztiak kentzearen alde ere.