Itzarriri dagozkion ekarpenak egiteko eskatu dio ELAk Eusko Jaurlaritzari
Biltzar horretan gogora ekarri diogu Erkoreka sailburuari, haren kongresuko taldeak zuzenketa bat itundu zuela Alderdi Popularrarekin Madrilen, BGAEei (Itzarri, Elkarkidetza...) ekarpenik egiteko “debekua” kentzeko, eta lorpen hori lau haizeetara zabaldu zuela.
Hala ere, gaur arte Urkulluren gobernuak ez dio batere ekarpenik egin Itzarriri, eta beraz hitzarturikoa ez du inondik inora bete.
Aipatu beharrekoa da, bestalde, EAJren gobernuko udaletan (Bilboko Udala ere barne) eta Bizkaiko Aldundian egiten ari direla Elkarkidetzarentzako ekarpenak. EAJren ardurapeko erakundeetan ez ezik, PSE, BILDU eta are PPren gobernuko udaletan ere ekarpenak egiten ari dira eskuarki.
Zergatik Elkarkidetzari bai eta Itzarriri ez? Zein da aitzakia Itzarriri ekarpenik ez egiteko? Ez dago justifikaziorik, ezta aitzakiarik ere.
Jarrera hori Gobernu horrek bere langileei dien ezinikusiaren isla da, murrizketaz murrizketa osaturiko kate luze baten azken maila: 35 orduko lanaldia luzatu, aldi baterako ezintasunaren osagarria kendu, ordezkapenik ez egin edo atzeratu, soldatak %17 jaitsi, aparteko ordainsari delakoa kentzea, enplegua suntsitu...
Jaurlaritzak legezko eragozpena balitz bezala aurkeztu nahi digu arazoa, baina bestelako politikak ez egiteko arrazoi bakarra murrizketen eta enplegu publikoa suntsitzearen alde egin duen apustua da. Itzarrin jokatzen duen moduak erakutsi digu, beste behin, “Eusko Jaurlaritzak bat egiten duela Rajoyren Gobernuarekin, soldatak izozteko eta murrizketak egiteko politiketan; eta edonola ere, aitzakia moduan ederto datorkie herri-langileen lan-eta bizimodu-baldintzetara diru gutxiago bideratzeko.
Madrilgo erabakiei hain jarraipen itsua egitea tamalgarria da. Hori bera ikusi ahal izan dugu Montoro ministroak adeitsuki oparitu edo, hobeto esanda, itzuli digun norberaren aukerako egunaren inguruan. Eusko Jaurlaritza Madrilgo sukurtsal bihurtzen ari da, erabakiak hartzeko borondate gutxiago du Gobernuaren Ordezkaritzak izan dezakeena baino.
ELAk aurre egiten dio estrategia maltzur horri. ELAk tinko eskatzen dio Gobernuari akordioak betetzeko. Harik eta modu bidegabean kendu dizkiguten eskubideak, Itzarriren ekarpenak ere barne, itzuli arte; mobilizazioa bultzatzen jarraituko dugu.