Itziarko lantegia ixteko erabakia dela eta Nicolas Correa enpresan greba mugagabea deitu dute

2017/01/19
Enpresa-batzordeak deituta, Itziarren dagoen Nicolas Correa enpresako langileak -lehenago Anayak zena- mugagabeko greba deitu dute datorren urtarrilaren 24tik aurrera.

Enpresa-batzordearen agiria:

Enpresa-batzordeak deituta, Itziarren dagoen Nicolas Correa enpresako langileak -lehenago Anayak zena- bildu egin dira zuzendaritzak aldebakarreko erabakiz lantegia itxi egingo duela iragarri diela eta; halaber, produkzio eta langile guztiak Burgosko lantegira eramateko asmoa ere jakinarazi diete.

Langile guztiek enpresaren jokabidearen aurkako iritzia eman dute; ez zaie gustatu lantegia ixteko asmoa, ezta erabakia langileei zein eratan jakinarazi dien ere. Zuzendaritzak enpresa-batzordeari itxieraren berri urtarrilaren 13an eman zion, hots, prentsa-ohar baten bidez plazaratu zuen egun berean.

Langileen asanbleak, aipatutako erabakia eta jokabidea salatzeaz gainera, erabaki du erakundeekin -Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin- harremanetan jarriko dela, eta mugagabeko greba deitu dute datorren urtarrilaren 24tik aurrera.

Grebaren eta bileren helburua da erakundeei eta zuzendaritzari eskatzea ahal dutena egin dezatela enpresak Itziarko lantegia irekita manten dezan, gaur egungo lanpostuekin.