IZAR-en auzian Espainiako gobernuak denbora irabazi nahi du berean jarraitzeko

2004/09/23

ELAk atzo ez zuen sinatu Madrilen iritsi zen akordioa, Espainiako Gobernua ez baitu ezertara behartzen. SEPIko buruak argi hitz egin zuen: "Segregazio plana ez da bertan behera utziko, eta bere ondorioak negoziatzen jarraituko dugu". Gobernuak ontziolak bereizteko asmoari eusten dio, eta La Naval enpresa publiko berritik kanpo utziko du. Horrenbestez, akordioa Gobernuak duen presioa arintzeko besterik ez da.

Gogoan izan behar da atzoko batzarrean sindikatu guztiok Gobernuari segregazio plana bertan behera uzteko asmotan gindoazela. ELAren aburuz, La Naval ontziola bideragarri izatekotan soilik sektore publikoan izango da, orain arte egin izan dituen itsasontziak eginez.

SEPIko buruak berriro abantailaz jokatu du. Nonbait Konkurrentziako komisarioa Espainiako Gobernuaren planarekin bat dator. SEPIko buruak badaki komisarioak sindikatuei soilik planaren ondorioak negoziatzeko aukera emango diela; horrela, sindikatuak gobernuaren araberako bertsioaren bozeramale izango dira.

ELAk ez dio ongi irizten akordioa sinatu dela dioten batzarraren ostean alde bakoitzak erabat irakurketa kontrajarriak egiteari.

Testua oso lausoa da, horrelako irakurketak ahalbidetzeko:

  • Jarduera militar eta zibilarekin jarraituko dela dioenean, ez du zehazten non zer egingo den.
  • Ontziolen jabego publikoari buruz ez du ezer zehazten: "sozietatearen etorkizuneko egitura alderdien artean adostuko da, Ebko markoa aintzat harturik". Honek Gobernuaren pribatizatzeko asmoa indartuko luke.
  • Batzordearekin harremanak izango direla dioenean, sinatu duten sindikatuen konpromisoa eskatzen du, negoziatzeko epea luzatzeko besterik izan ez dadin.
  • SEPIk bere buruari helburuak ezartzeko muga soilik "negoziazioak dirauen artean" da baliagarri, eta gainera azken egunotan UGTk eta CC OOek adierazi duten moduan: enpresa publikotik kanpo geratzen diren ontzioletan kapital pribatuaren sarrera onartzeko prest leudeke.

Beraz, segregazio plana ez da erretiratzen, Espainiako Gobernuak dio 29ko bileran ondorioetaz hitz egiteko asmoa duela. Ez dago mobilizazioak eteteko arrazoirik.