Izaskun Garikano izendatu dute ELA-Gizalaneko idazkari nagusi Patxi Agirrezabalaren ordez

2007/04/25
Agirrezabala ELAko Komunikazio arduradun izateko proposatua izan da Izaskun Garikanok hartu du ELA-Gizalan Federazioaren Idazkari Nagusi kargua; orain arteko idazkari nagusiak kargua utzi du, Batzorde Eragileko Komunikazio ardura betetzeko proposatu baitu Nazio Batzordeak. Garikanoren izendapena ELA-Gizalaneko Batzorde Federalak onartu du, gaur Bilbon egin duen bileran; Batzorde hau da Federazioaren kongresu arteko organo nagusia.

Izaskun Garikanok (Donostia, 38 urte, bi seme, Informazio Zientzietan lizentzatua eta Komunikazio Politikoan masterra) hainbat ardura izan ditu ELAn 1995 urtetik hona. Azken lau urtetan Osakidetzako arduraduna izan da.

Patxi Agirrezabala (Zarautz, 48 urte, seme bat, maisua eta Historian lizentziatua): 1988tik hona dabil sindikatuko arduretan; 1995tik 2003ra Zerbitzu Publikotako Idazkari Nagusia izan da eta, federazio hau Irakaskuntzarekin batu ondoren, Gizalan federazio berria gidatu du gaur arte.

Nazio Batzordeak Agirrezabala Batzorde Eragileko Komunikazio arduran German Kortabarriaren lekua hartzeko proposatzea erabaki du, nahiz eta ordezkapena ez den gauzatuko ekainaren azken aldean egingo den Nazio kontseiluaren bilkurararte. Kortabarriak adin arrazoiak medio utziko du bere kargua.


Gizalaneko Batzorde Iraunkor berria:

Izaskun Garikano Idazkari nagusia
Amaia Aierbe Antolakuntza arduraduna
Virginia Jiménez Nafarroa
Maribel Maguregi Irakaskuntza
Nere Urrestarazu Osakidetza
Juan Carlos Polo Toki-Foru Administrazioa
Izaskun Gana Adm Autonomoa
Idoia Elustondo Giza-asistentziala sektorea
Xabier Udabe Ertzaintza